Bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia
Zegamako Udalak bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia zabaldu du. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen deialdia abenduaren 31n, eta eskatzaileek urtarrilaren 31ra arte izango dute aukera eskaerak aurkezteko. Epea amaitu ondoren, Zegamako Udalbatzak aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa eskaerak aurkeztu dituztenen artean.
Bake Epaile izateko, espainiar herritartasuna izatea eta adinez nagusia izatea ezinbesteko betebeharra dira. Eskubide zibil guztien jabe izan behar dute eskatzaileek, eta maltzurkeriazko delituengatik kondenatuek edo auzipetuek ezingo dute parte hartu eskaeran. Curriculum vitaea aurkeztu beharko da, euskararen ezagutza maila ere aurkeztuta eta egiaztatuta. Ez da titulazio berezirik eskatzen, deialdian azaldu bezala bake epailearen «betebehar eta eginkizunak betetzeko behar adinako gaitasuna izatea» baizik.
Inpartzialtasuna
Jarduera profesionalak edo merkataritza jarduerak egin ditzakete aldi berean, horiek aholkularitza juridikorik eskatzen ez badute eta inpartzialtasuna edo independentzia murrizten ez badute. Ezin dute alderdi politiko edo sindikatuetako partaide izan, ezta udal hauteskundeetan edo hauteskunde legegileetan parte hartu ere.













