Euskaraz kontsumitzen dutenek sari gehigarria jaso dute Ordizian
Ordiziako Udalak, beste hainbat udalerritan egin duten moduan, Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina jarri zuen martxan, herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egiteko asmoarekin. Iragan ostiralean egitasmoan parte hartu duten eta zozketan irabazle suertatu direnek saria jaso zuten.
Hain zuzen ere, kanpainara atxikitu diren merkataritza eta establezimenduetan gastatzeko 50 euroko bonuak jaso dituzte irabazleek, eta urtarrilaren 31 arte izango dute epea erabiltzeko.
Honakoak dira irabazleak: Ana M. Usabiaga Manterola, Ane Ibarrondo Agirre, Arantxa Sukia Auzmendi, Arantza Mendizabal Zurutuza, Belen Esnaola, Eneritz Iglesias Goikoetxea, Gaizki Garai, Koro Ruiz, Lierni Iztueta Mendizabal, Maddi Caballero, M.A. Azurmendi Amenabarro, Mariaje Lapizondo, Mari Jose Etxaniz Jaio eta Marivi Irastorza Gainzerain.
Ordiziako etxebizitza guztietara iritsi zen eskuorrian, kanpainaren nondik norakoak azaltzeaz gain, beheko aldean zigiluak jartzeko espazioa zegoen. Kanpainari atxikitako herriko establezimenduetan euskaraz eskatzen zutenek, zigilutxo bat gehitzen zuen. Taula betetakoan, Ordizian Merkatari elkartean egon den buzoian sartu, eta 50 euroko erosketa-bonuen zozketan parte hartu ahal izan dute.
Ia denean euskaraz
Azaldu bezala, kanpaina honekin udalak sustatu nahi du, herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egitea, baina gainera, kanpaina honek erakutsi du, udalerriko ia-ia establezimendu guztietan euskara dela nagusi, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan ere.
Izan ere, Ordiziako Udalak garbi du; «gertukoaren aldeko aukera egitea, konfiantza aukeratzea» da, konfiantzaren adierazle «handiena» da «betikoa» eskatzea, eta hori, «dendaria, produktua, edota dendariak gu ezagutzen gaituenean gertatzen» dela. Baina horrez gain, badela konfiantza sortzeko bide «azkar eta seguru» bat: eta hori da, «norbere hizkuntzan artatua izatea».













