Ixabel Olano parkea: irisgarriagoa eta pergola eta jolas leku berriarekin
Herritarrek egindako ekarpenak baliatuta lehen zirriborro bat egin du Beasaingo Udalak. Zorua osorik berrituko dute. Igartza-Oleta auzoa hazi egingo da etorkizunean
Beasaingo Udalak Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen proposamena prest dauka. Orain baino irisgarriagoa izango da. Ikasle eta Karobi kaleetako sarreretan maldak egingo dituzte; pergola eta jolas parkea berrituko dituzte; zorua ere goitik behera aldatuko dute; eta atseden hartzeko guneak egurrarekin goxatuko dituzte.
Proposamena herritarrek irailean egindako eskakizunetatik ondu dute. 40 beasaindarrek osatu zuten udalaren galdetegia, eta hamarretik bederatzik eraberritzeko lanak beharrezkoak direla esan zuten. Irisgarritasuna hobetzea eta jolas gunea handitzea eta hobetzea lehenetsi zituzten gehienek, baina argiztapena hobetzeko eta itzalgune gehiago ere eskatu zituzten.
Beasaingo EH Bilduk auzotarrekin bilera egin zuen aurreko astean, proposamena beraiekin aztertu eta balizko zuzenketak egiteko. Denetariko erantzunak jaso zituzten. Irisgarritasuna hobetzeko maldek, esaterako, harrera ona izan zuten. Parkeak, ez horrenbestekoa. Egungo zabuak armiarma-sare itxurako piramide batek ordezkatuko lituzke, eta haur txiki baten guraso batentzat horiek ez dira aproposenak. Oraingoak bezalako zaburen bat uzteko eskatu zuen. Beste guraso batek, berriz, saskibaloia eta futbola uztartuko dituen eremua eskatu zuen. Baina, beste bizilagun batek ez zuen eskakizuna ez zuen begi onez ikusi, baloiek zarata ateratzen dutela eta auzotarren atsedena oztopatuko lukeela uste duelako. Adinekoentzako jarduerak ere eskatu zituzten, petankan jolasteko hondar eremu bat, kasu. EH Bilduko zinegotziek bertaratutakoei zin egin zieten esandakoari forma eman eta udal gobernuari helaraziko diotela lanak hasi baino lehenago.
Bilerara agertutakoek pergola berria ere izan zuten hizpide. Egungoak ez da erabat itxia eta egun euritsuetan bertako eserlekuak ezin direla erabili aipatu zuten. Pergola berriak, egungo egitura baliatuta, egurrezko estalki integrala aurreikusten du, itzala eta aterpea emango duena. Arkupeak ere txukuntzeko eskatu zuten, bereziki, argiteria hobetzeko, egun goibeletan paseatzeko erosoak izan daitezen.
Jolas parkea inguratzen duen harrizko eserlekua ere egurrez estaltzea aurreikusi dute. Gainera, zabalera ezberdinak izango ditu, postura eta jarduera ezberdinak ahalbidetzeko. Parkeko gainerako eserlekuak ere armonian berrituko dituzte.
Karobi kalea
Karobi kalea berritzeko ere baliatuko dute obra. Erantzunen %85ak konponketa beharrezkoa dela dio.
Auzotarrek ibilgailuen jarioa eta abiadura murriztea nahi dute. Ixabel Olano parkeko erabiltzaileen gehiengoak errepidea oinez gurutzatzen du eta arriskutsua dela uste dute. Halere, gutxiengoak eskatu du aparkalekuak berrantolatzea. Auzoa hazten ari denez, aparkatzeko tokiak ez kentzeko diote.













