Udal artxiboa lekuz aldatzeko lanak hasi dituzte Ordizian
Arana 17an kokatuko da udal artxibo berria. Osasun zentroa hutsik geratuko da eta otsailaren 2tik aurrera, osasun zentroa handitzen hasi ahalko da Osakidetza
Udal artxiboa lekuz aldatzeko lanak martxan daude Ordizian. Arana kaleko 17.a izango da kokaleku berria. Domingo Unanue Plazako lokala berriz, osasun zentroa handitzeko erabiliko dute. Adur Ezenarro alkatea «pozik» agertu da, «hartutako konpromisoa beteko delako; otsailerako anbulatorio azpian (Domingo Unanue Plazan) udalak zeukan espazio guztia Osakidetzaren esku geldituko da eta Osasun Zentroaren handitzearen obra martxan jartzeko moduan izango dira». Inbertsio honekin, Ordizia 2030 Ekintza Planaren 12.34 ekintza beteko dutela ere gaineratu du Ezenarrok.
Udal artxiboaren lekualdatzeak urrats desberdinak izango ditu. Batetik, udal artxiboan biltzen diren dokumentuen kutxak mugitu behar dira. Ezenarrok adierazi duenez, «aste honetan amaituko» dute hori.
Artxiboaren eguneratze lanak eraman dituen Ereiten enpresak artxiboko kutxen lekualdaketa aholkatuko du. 3.294,23 euroko kostua izango du. Alkateak azaldu duenez, kontutan izan behar da, artxiboan biltzen den materiala «ez baita edonolakoa», eta «lan hori egiteko enpresa espezializatua baten zerbitzua behar da».
Gainera, materiala gordetzeko erabiltzen diren apal mugikorrak ere eramango dituzte lokal berrira. Alkateak aurreratu du, «datorren astean» egingo dutela.
Bien bitartean, udal artxiboaren lokal berrian Arana kalean egokitzapen lanak egiten ari dira jada. Iparragirre Eraikuntza enpresa ari da lan horretan. Obrak 29.973,90 euroko kostua izango du.
Gainera, lokal berrian topatu diren fibrozementuzko hainbat pieza kenduko ditu Ryde Obras y Servicios enpresak 3.146 eurotan, horretarako erabili behar den protokolo zehatza jarraituz.
Eraikin osoa hutsik
Ekintza honekin, osasun zentroaren azpian geratzen den azkeneko espazioa libre geratuko da, aurretik KZ Gunea, Fiare, Stop Deshaucios edo Ordiziako Rugbyk erabiltzen zituzten lokalak dagoeneko anbulatorioaren esku geratu ondoren, eta erabilera Torrean birkokatu ostean.
Hori eginda, eta egunotan ematen ari diren azken urratsarekin udal artxiboa Aranara lekualdatzea, aurreko agintaldiko proposamena «gainditu» da.
Horri dagokionez, alkateak aipatu du, hasiera batean ez zela aurreikusten «udal artxiboa bere osotasunean mugitzea», baina osasun zentroa handitzeko, «beharrezkoa» ikusten zutela «ahalik eta espazio gehien» uztea Osakidetzari, eta horregatik erabaki dutela, «Arana 17ko lokala erostea». Prozesua ez da «laburra» izan, «hasteko espazioa aurkitu behar» izan dutelako, eta bestetik, «90 jabe ezberdin zituelako lokalak», azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkate- ak. Hala, Domingo Unanue enparantzako mailan udalak zituen lokal guztiak egingo den anbulatorio berrira bideratuko dira.
Zerbitzua bermatuta
Lanak hasterakoan, anbulatorioaren funtzionamendua bermatuko da. Horretarako, dagoeneko adostu dute, Domingo Unanue plazaren barnean behin-behineko moduluak jartzea. Hala,eta obra faseka egingo denez, obrak libre utziko dituen espazioekin batera, moduluetan ere emango da zerbitzua.