Ampo Ordiziak garaipen sendoa lortu du Altamiran
Ampo Ordiziak 27-13 irabazi dio La Vila talde alacantarrari. Ligako laugarren postua indartu dute ordiziarrek.
Ohorezko Mailako ligako 10. jardunaldia jokatu dute gaur Altamirako zelaian Alacanteko La Vila taldearen aurka. Aurreneko zati lehiatu baten ostean, indartsu ekin diote ordiziarrek bigarren zatiari eta hamalau puntuko aldearekin irabazi dute neurketa.
Lehen zatia oso borrokatua izan da. Bi taldeek indartsu ekin diote partidari eta ez dute puntu askorik lortu. Ordiziarren entsegu baten ostean, markagailuak 8-3 irudikatzen zuen lehen 40 minutuak amaitzean.
Atsedenalditik indartsu atera da Ampo Ordizia. Bigarren zatia hasi bezain laster, entsegu bat lortu dute ordiziarrek. Gerora beste bi lortuko zituzten. Bigarren erdiko hamargarren minuturako 14 puntuko aldea zeukan Ampo Ordiziak. La Vilakoek ere lortu dute entsegu bat eta, azkenean, 27-13 amaitu da partida.
Talde gaztea
Aurreko asteko porrotak min handia egin zion Ampo Ordiziari. Partida galtzeaz gain, hainbat jokalarik min hartu zuten. Horregatik, gaur talde oso gaztearekin jokatu dute partida. Horrek garrantzia berezia eman dio gaurko garaipenari Iñigo Marotias entrenatzailearen hitzetan: “Gauza on asko esaten ditu taldeari eta klubari buruz”.
Harmailetan ere laguntza handia izan dute ordiziarrek. Goiz eguzkitsuak animatuta jende asko gerturatu da Altamirako zelaira eta gogoz animatu dituzte jokalariak. Partida hasi aurretik zuen laugarren postua sendotu du Ampo Ordiziak gaurko garaipenarekin.