Goierriko bost bikote sailkatu dira Gipuzkoako bola finalerako
Idiazabalgo Igarondo pilotalekuko bolatokian, igandean bukatu zen Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketako sailkatze fasea, hiru jardunaldietan azkenekoa jokatuta. Denera, 33 bikotek parte hartu dute lehiaketan, gizonezkoen atalean 23k eta emakumezkoenean hamarrek.
Finala datorren igandean, otsailak 6, jokatuko dute, Hernanin. Gizonezkoen atalean 10 bikote sailkatu dira, eta emakumezkoetan lau. Tartean goierritarrek osatutako bost daude.
Sailkapenaren buruan
Nahiz eta finalerako zerikusirik ez duen izango, sailkatze fasea aurre-aurrean bukatu dute finalista goierritarrek. Gizonetan, Zeferino Agirre eta Imanol Agirre segurarrak izan dira lehenbizikoak, alde handia aterata (271 puntu). Bigarren, Egoitz Berasategi eta Jokin Izagirre segurarrak sailkatu dira (254), eta hirugarren Patxi Arrondo eta Itoitz Alustiza zeraindarrak (254). Beste zazpi bikote izango dituzte aurkari igandean Hernanin.
Emakumeen lehiaketan, Miren Makazaga zeraindarrak eta Rosa Santos hernaniarrak bukatu dute lider (205). Aitziber Makazaga eta Garbiñe Alustiza zeraindarrak ere (195) bigarren tokian sailkatu dira finalera.













