Irabazi eta ohore egin
Ampo Ordiziak mendean hartu du Ciencias Enerside (19-12), eta sailkapenaren 3. postuan jarri da. Kawa Leauma jokalari zeelandarrari omenaldi sentitua egin diote partidaren bukaeran
Espainiako Ohorezko Mailako ligaren 11. jardunaldiko partida bat baino gehiago izan zen joan den larunbatean Ampo Ordiziak eta Ciencias Enerside taldea andaluziarrak Altamiran jokatutakoa. Joan den abenduan Herbereetan ezbeharrez hil zen Kawa Leauma jatorri samoarreko jokalari zeelandarrari omenaldia egiteko aukeratutako eguna izan zen, eta giroan nabari zen hori. Sufrituta bada ere, garaipena eskaini ahal zion klubak eta taldeak 5 zenbakidun jokalariari.
Lehen ordu laurdenean bideratu zuen partida Iñigo Marotiasek zuzendutako taldeak, Alain Arañak, Eneko Salinasek eta Valentin Cruzek lortutako entseguei esker (19-0). Sevillaren zati horren hondarrean bizitza ematen zien entsegua lortu zuten beretzat (19-7). Bigarren zatia oso bestelakoa izan zen. Etxeko taldeak ez zuen punturik pilatu, eta Cienciasek menderatu zuen norgehiagoka. 62. minutuan transformaziorik gabeko entsegua egin zuen (19-12), eta hortik aurrera asko estutu zuen jokoa.
Epaileak partida amaitutzat eman zuenean askatu ziren zelai zein harmailetan pilatutako tentsio denak. Goierriko taldea 3. postuan dago sailkapenean 34 punturekin. Hurrengo bi jardunaldiak kanpoan ditu, Gernikaren aurka otsailaren 20ko asteburuan, eta Salvadorren aurka martxoaren 6koan.
‘Gozatu’, sinbolo bihurtuta
Aizkorriren atzean ezkutatu zen une berean, piztu ziren Altamirako errugbizale guztien begi dirdirak. Kawa Leauma ez dutela ahaztu argi dago zelaiaren horma batetik zintzilik dagoen haren irudidun pankarta erraldoiak dioen bezala. Haren 5 zenbakidun elastikoa atera zuten zelaira taldekideek, Ordiziako errubgi klubeko harrobiko haurrek, gazteek eta laguntzaileek osatutako korridorean. Harmaila guztia, zutik eta txaloka.
Zelai erdian elastikoa zutituta, ohorezko aurreskua dantzatu zion Iker Korta taldekideak. Klubeko lehendakari Iñaki Galparsorok eskerrak eman zizkien laguntza eta laguntasuna adierazi duten «alde guztietako» jendeari, taldeei eta Espainiako selekzioko ordezkariari. Taldeari, berriz, animoak eman zizkion.
Iñigo Marotias entrenatzaileak Leaumak utzi duen ondarea nabarmendu eta pasadizo bat kontatu zuen, Kawak Ordiziarekin jokatu zuen azken partidan gertatutakoa. «Valladoliden VRACen aurka jokatu bezperan hain kuttuna dugun Palentzian lo egin genuen. Hurrengo goizean, partida prestatzeko bileran, taldea behar zen puntuan ikusi nuen, segurtasun guztiarekin, eta ziur nengoen nire hitzek ez zutela indar gehiago eragingo. Jokalariei eskatu nien partida irabazteko beharko genukeen hitz bana esateko. Kawak, bere euskara samoarrean, ‘gozatu’ esan zuen. Arbeleko orrian idatzi nuen, handiz. Astebete geroago, maletan topatu nuen paper hori, eta orain aldagelan daukagu jarrita. Sinbolo bat da, eta haren esanahiak taldeak bizirik dirauen bitartean segiko du», azalzuen Marotiasek
Leaumak errugbiak «ikaragarri gozatzen» zuela nabarmendu du entrenatzaileak. «Gutako guztiok eta zaletuek sentitzen dugun gozamen berbera zuen talde honetan. Gozamen hori da Ordizia familia bat egiten duen argamasa, Kawak egunero sentitzen zuena».
Bideo-konferentzia bidez
Leaumaren emazte Talik zuzenean jarraitu zuen omenaldia Zeelanda Berritik, bide-konferentziaz Youtuben ere zuzenean emititu du klubak. Hitza ere hartu zuen, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. «Ordiziako errugbi familia osoari eskerrak emateko baliatu nahi dut aukera hau. Azken hiru urte hauetan osatu dugun familiari. Oso pozik nago, Kawa zuei guztioi begira egongo delako. Kawa orain aingeru bat da, denok zaintzen gaituena. Denboraldi amaieran zuek denok ikustea espero dut, eta Kawa ere nirekin eramango dut». Haka batekin agurtu eta ohoratu zuten taldekideek.













