Ataungo eskolaren logotipoa aldatzeko lehiaketa egingo dute
Ataungo Joxe Migel Barandiaran Herri Ikastetxeak logotipoa aldatuko du, eta irudi berria sortzeko eta aukeratzeko sormen-diseinu lehiaketa antolatu dute, Goierri guztira zabaldua. Bakarka nahiz taldean aurkeztu ahalko dira irudiak, baina partaide bakoitzak bakarra.
Logotipoa sortzeko prozedura librea da, baita neurriak eta formatua ere. «Baina erraz irakurtzekoa, eskalagarria eta beste formatu batzuetara moldatzeko modukoa izan behar du», diote lehiaketaren oinarriek.
Lanak originala izan behar du, lehen inoiz argitaratu gabea, eta ezta beste diseinu batzuen kopia partziala edo osoa ere.
Bestetik, erraz erreproduzitzeko modukoa izatea nahi dute, «lau tinta baino gehiago erabili beharrik ez izateko moduan egingo dira lanak, kuatrikromian». Diseinua koloretako eta monokromo bertsio banatan aurkeztu behar da, ahalik eta bereizmen handienarekin (300 ppp).
300 euroko saria
Lanak bidaltzeko epea martxoaren 18an bukatuko da. Barandiaran eskolako posta elektronikora bidali behar da (logoa@joxemielbarandiaran.eus). Egilearen datu pertsonalak eta kontaktu bideak, eta Nortasun Agiriaren fotokopia ere bidali behar dira.
Epaimahaia udal ordezkari batek, Agauntza guraso elkarteko kide batek, eskolako bi ordezkarik eta Barandiaran Museoko kide batek osatuko dute. Aste Santuko oporren aurretik aukeratu nahi dute irudi irabazlea.
Irabazlearentzat 300 euroko saria izango da.













