Beti Alai pilotalekuaren hobekuntza eta itxura aldaketa martxan dago
Jon Ander Caballero Udaleko kirol zinegotziaren hitzetan pilotalekua «goitik behera» berrituko dute. Zorua, ezker pareta eta frontisa berritu eta margotze lanak ere egingo dituzte
Ordiziako Beti Alai pilotalekuan berrikuntza lanak hasi zituzten astelehenean. Orain aste gutxi, argiteria aldatu zuten Led sistemara jauzi eginez, eta bigarren fase honetan, pilotalekuko zorua eta frontisa berritzeaz gain, itxura aldaketa oso nabarmena eragingo duten margotze lanak ere egingo dituzte. Jon Ander Caballero Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak esan duen moduan, pilotalekua «goitik behera» berrituko dute, «aspalditik datorren eskaera bati erantzuna emanez».
Lanen bigarren faseak, 31.882,2 euroko inbertsioa suposatuko du. Frontoiko zorua berritzeko lanak, Asfaltos Uribe enpresari esleitu zaizkio, 16.279,20 euroan, eta bi asteko iraupena izango duela aurreikusi dute.
Frontiseko lanak berriz, LEyNA enpresak egingo ditu. Caballerok argitu duenez, «oso lan espezifikoa da frontisean egin beharrekoa, saiatuko gara, pareta horrek dituen arazoak konpontzen, horregatik, lan horietan espezialista den enpresa honek burutuko ditu». 4.830 euroko kostua izango du.
Margotze lanei dagokienez, Pinturas Tinbaux enpresak egingo ditu. Frontisa, ezker pareta eta kontrakantxa margotuko dituzte, 10.772 euroan. Aurreratu dute, itxura aldaketa sakona izango duela pilotalekuak.
Caballerok gogorarazi du lanak iraun bitartean pilotalekua ez dela erabilgarri egongo. Horrek, kirol taldeei eragingo die batez ere, baina irtenbidea ere bilatu da haientzat. Oianguko palariek Olaberriko pilotalekuan entrenatuko dute. Pilota taldekoak, berriz, gaztetxoenek, frontoi txikian eta nagusiek, inguruko herrietako frontoian.
Eremu osoa berrituta
Aste honetan hasi dituzten lanak amaitzean, pilotalekuko eremu osoa geratuko da berrituta. Izan ere, azaroa eta abendua bitartean, frontoi txikian margotze lanak egin zituzten lehenik.
Ondoren, Beti Alai pilotalekuko argiteria sistema aldatu zuten. Lehen zeuden 38 fokuak kendu eta Led sistemako 21 foku jarri zituzten. Caballero Kirol zinegotziak azaldu duenez, «argiztapen gehiago lortu da baina kontsumoa jaitsi egin da». Gehitu du, bertan entrenatzen duten kirol taldeetatik helarazi diotela, «oso gustura» daudela aldaketarekin, eta kontutan hartuta, pilotalekuan kirola ez den beste ekitaldi oso garrantzitsu batzuk —garagardo festa, gazta lehiaketa,…— egiten direla bertan, aldaketa «oso positiboa» izan dela adierazi du.













