Boluntario sarea osatzeko Izeba proiektua aurkeztu du Baketik fundazioak
Jatorrizko familiengandik bereizita eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean bizi diren adingabeei «afektibitatea eta harreman sozialak» eskaintzen dizkiete boluntarioek
Baketik fundazioak, Segurako Udalaren laguntzarekin, Izeba proiektua aurkeztu du Segurako kultur etxean. Arrazoi ezberdinengatik jatorrizko familiarengandik bereizita eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden adingabeen izeba-osaba bezala aritzea onartzen duten familien edo pertsonen sarea da Izeba proiektua. «Zubiak eraikitzeko» ekimena dela azaldu du Maite Aseginolaza proiektuko arduradunak.
Tutoretzapeko adingabeek ezin dute familiarekin bizi arrazoi ezberdinak direla eta, ez dagoelako hemen, ez daukatelako, edo familiak momentuan ez daukalako gaitasunik. Pisuetan bizi dira eta hezitzaileak dauzkate, baina ez daukate familia baten babesik. Izeba proiektuaren bidez, boluntarioak gazteekin harremanetan jarri eta planak egiten dituzte. «Tutoretza aldundiak dauka, baina bazkariak, asteburuko planak… egin ditzakete boluntarioekin». Aseginolazak azaldu duenez, bi arlo lantzen dituzte: «Afektibotasuna», batetik, eta «harreman sozialak», bestetik.
Azken horri lotuta, eta Segurako harrera egoitzaren kasuan, atzerritarrak dira nerabe guztiak eta ez dute hizkuntza menperatzen, oztopoa izan daitekeena harremanetarako. «Kulturalki oso ezberdina da, ez dituzte ohiturak eta moduak ezagutzen, eta sare sozial bat eraikitzen laguntzea oso garrantzitsua da haientzat». Adin bereko gazteak ezagutzeaz gain, «herritarren, boluntarioen eta adingabeen artean zubiak eraikitzeko eta ohiturak ezagutarazteko» baliagarria da Izeba proiektua.
Boluntario izateko
«Segura eta inguruetan proiektuan parte hartzeko boluntarioak behar» direnez, denbora librea ahultasun egoeran dauden adingabeekin konpartitu nahi duten herritarrak deitu dituzte parte hartzera. Baketik fundazioarekin harremanetan jarrita eman daiteke izena.













