Mintegik '9 mm parabellum' nobela beasaindarrei aurkeztuko die
Migel Anjel Mintegi idazle beasaindarrak bere nobelarik berriena herritarrei aurkeztuko die. Bihar izango da saioa, 19:00etan, Igartzako Jauregian.
9 mm parabellum Euskal Herrian kokatutako nobela bat da. Martin, indarkeriarekin ados ez zegoen herbesteratua, herrira itzuli da amaren hiletara. Berak iragana atzean utzi nahi duen arren, solte utzitako hari muturrei ezingo die izkin egin: maite zuen emakumea, harremanik ez duen alaba, lagunak, aurkariak…
Mintegik aitortu du idaztea ez zaiola lan erraza suertatu. Pare bat bider hasi zela eta pare bat bider utzi zuela alboratuta. Azkenean, gustuko tonua aurkitu ziolakoan, aseta gelditu da lanarekin. Epaiketarik egin gabe gatazka era arinean landu du. Hizkuntza zaindua baina aldi berean kalekoa duen narratiba dela dio.
Ekaitz Goikoetxeak lagunduko dio aurkezpenarekin. Herritarrei saiora joateko gonbita egin die. Bertako sortzaileen lana ezagutzea eta babestea garrantzitsutzat jo ditu.













