Hamalau merkatari eta ostalari batu dira euskalgintza mahaira
Asteburuan eratu zuten euskalgintza mahaia. Ostalariez eta merkatariez gain, Aittu eta Beasaingo Udala ere bertan daude
Hamalau merkatarik eta ostalarik, Aittu Euskara Elkarteak eta Beasaingo Udalak osatu dute euskalgintza mahaia. Hirugarren sektoretik ere Beasain euskalduntzea da helburua.
Partaideak: |
|||
Amaia Elosegi farmazia | Arantzazu arraindegia | Atanes fruta denda | Basakana taberna |
Harria gresak | Kattalin jatetxea | L Berri autoeskola | Lontxo arraindegia |
Mirari mertzeria | Mirentxu liburudenda | Plazape taberna | Txindoki altzariak |
Xalo arropa denda | Xihor ileapaindegia |
Atzo egin zuten batzarra, Igartzako jauregian. Patxi Saez Aittuko lehendakariak ongi etorria eman zien guztiei. Elkartearen asmoak eta helburuak azaldu zizkien, Gabriel Arestiren Aitaren etxea poema (egitura, Euskal Herria) eta Bittor Kapanagaren Amaren sua (hizkuntza, euskara) metaforetan oinarrituta. Ondoren, Leire Artola alkateak hartu zuen hitza. Ticket-Bai fakturazio-sistema euskara hutsean jartzeagatik Beasaingo Udalak eskaintzen duen diru laguntzen berri eman zien.
Euskaraldia, ikusmugan
2022ko udazkenean egingo den hirugarren Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu zituen Arantza Sarriegi Aittuko kideak. Norbanakoen izen-emateaz gain, erakundeen Aittuguneen garrantzia azpimarratu zuen. Halaber, aurten ere, gazteen parte hartzea eta kuadrillen eragina bultzatuko dutela iragarri zuen. Hikaldia antolatzea proposatuko diete gazteei, besteak beste.