Kilometroz kilometro, Korrika
Belaunaldiz belaunaldi, kilometroz kilometro, era batera edo bestera, jende ugarik hartzen du parte Korrikan. Izaro Iraeta, Txemi Arteaga, Maixabel Telleria eta Kepa Galparsoro dira horren adibide.
Izaro Iraeta (Arama):
«Belaunaldiz belaunaldi, etenik gabe aurrera goaz»
Aurrenekoz 1995ean lekukoa eraman zuen Izaro Iraeta zaldibiarrak, Ordizian, erdigunean. «Urduritasun eta emozio handiko» unea izan zen. «Ez dut gogoan eguneko zein ordutan izan zen, goizez edo arratsaldez, baina egun argitsua zela gogoratzen dut eta kaleak jendez gainezka zeudela. Energiaz, emozioz eta ilusioz beteak, ni neu bezala».
2019an, berriz ere, alabarekin eta senarrarekin batera lekukoa eramateko aukera izan zuen: «Goizaldean esnatu eta oraindik ere zerua ilun zela iritsi ginen Ordiziara Aramatik. Bidean, lagun talde ezberdinak aurkitzen genituen telefono, linterna eta farolen argiaz lagundurik puntu ezberdinetan kokatzen korrikarekin bat egiteko». Zaldibiarrek eman zien lekukoa. «Emozioa, ilusioa, poza…. energia eta sentimendu asko arrapaladan. Belaunaldiz belaunaldi, herriz herri, loturak eginez, etenik gabe, aurrera goaz».
—————————————————————————————————
Txemi Arteaga (Gaintza):
«Ibilbidean zehar, emozio momentu asko bizitzen da»
Korrikaren aurkezpena egiten denean, Goierriko ibilbidea aztertu eta logistika prestatzen hasten da Txemi Arteaga. Goierriko Korrika-lari finkoetako bat da. Azkenekoan, 30-32 kilometro egin zituen. «Gaintzarron kilometroa Itsasondo irteeran zegoen eta han korrika hasi eta Ordizia, Beasain, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Segura, Zerain eta Mutiloatik barrena, Ormaiztegiraino joan nintzen. Trenez egin nuen itzulera, Itsasondoko geltokian nuen auto aparkatuta». Aurten alderantzizko ibilbidea egiteko asmoa dauka.
Kilometroak «erraz» egiten direla dio, «euskararen aldeko ekintza bat dela jakinda errazago». Gainera, «ibilbidean zehar, emozio momentu asko bizitzen dira. Herriz herri joanda jende ezagun asko ikusten duzu, eta jende gutxiago dagoen tokietan, lekuko aldaketak ere ikusten dituzu eta oso momentu politak egoten dira». Lekukorik ez du sekula eraman.
—————————————————————————————————
Maixabel Telleria (Segura):
«Lekukoa eramatea behin tokatu zait, eta berezia izan zen»
Betidanik ibili izan da Maixabel Telleria euskararen inguruko mugimenduetan. Gogoan du Korrika antolatu zuten urte batean, han bildutako lantaldetik sortu zela Segurako euskara taldea ere. Ordutik urte askoan jardun du antolaketan, baina edizio bat du batez ere gogoan. «Beti ibili izan gara antolakuntza lanetan, baina lekukoa eramatea behin bakarrik tokatu zait». Oso egun berezia izan zen, euskara taldea utzi behar zuen garaian izan baitzen. Korrikaren lekukoa eramateak sinbolismo berezia izan zuen beretzat, euskara taldearen lekukoa gazteei pasa zien urtea izan baitzen.
Telleriaren ustez, Korrika «euskarari indarra emateko modu bat» da, euskaldun guztiei zerbait ukitzen diena. Antolakuntza lanak utzi bazituen ere, ahal duenean laguntzeko prest dago, eta aurten ere, antolatutako ekitaldietan parte hartzeko asmoa du; baita Korrika datorrenean ere, «egun berezia» izaten baita.
—————————————————————————————————
Kepa Galparsoro (Ataun):
«Euskararen aldeko festa handi bat bezala bizi dut»
Gaztea da Kepa Galparsoro (Ataun, 2002), baina txikitatik ezagutzen du Korrika. Umea zela, goizaldeko ordu txikietan pasa zen Ataundik, eta ondo gogoan du urte hura. Geroztik, eskolan egindako Korrika txikiekin eta gurasoekin Iparraldera joan eta bertan egindako korrika saioekin ere akordatzen da. «Nik festa handi bat bezala bizi dut Korrika, euskararen aldeko festa bat. Azkenean Euskal Herri osoa zeharkatzen du, eta euskaldun bezala bat egiteko festa bat da».
Korrikaren aurpegi ezberdinak ezagutzeko aukera ere izan du. «Goierrin jende asko ateratzen da, baina Iparraldean-eta, zenbait tokitan 20 bat lagun elkartzen dira, eta hor ere saiatzen gara laguntzen». Kirolaria eta korrikazalea ere bada Galparsoro, eta parte hartzen duenean «dexente kilometro egiten» saiatzen da. Azken edizioan, esaterako, lagun talde bat elkartu eta Lazkaotik Seguraraino joan ziren lasterka.