«Judoa errespetu handiko kirola da, eta hori gustatzen zait»
Gipuzkoako eta Euskadiko judo txapelketak irabazi ditu Sara Artola idiazabaldarrak. 70 kg-tik gorako kategorian dabil. Hilaren amaieran Espainiako txapelketa jokatuko du.
Jiu Jitsu Zumarraga taldean dabil Sara Artola (Idiazabal, 2005). Martxoan kadete mailako judoko Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen, eta hilabete hasieran, berriz, Euskadiko txapelketa. Apirilaren 30ean, Espainiako txapelketan parte hartuko du, Iruñean. Maria Clavero zumarragarra da bere entrenatzailea. Martxoan Espainiako jiu jitsu txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Claverok.
Judoko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi dituzu. Nolakoa izan da prozesua horra iritsi arte?
Pandemiarekin kirol asko geldirik egon dira. Ordizian egiten nuen judoa eta kendu egin ziguten kontaktu handiko kirola izateagatik. Beraz, kurtso oso bat, ia bi urte egon naiz judo egin gabe. Bitartean beste kirol batzuk egin ditut. Berriz ere judon hasteko asmoa nuen baina Ordiziako irakaslea jubilatu egin zen, eta inguruan egin ahal izateko taldeak bilatzen hasi nintzen.
Horrela Zumarragakoa aurkitu nuen eta Maria nire entrenatzailea ezagutu nuen bertan. Ordizian ez gintuzten bultzatu konpetitzera, erakusketak egiten genituen batez ere. Gipuzkoakoa izan zen nire lehenengo konpetizioa, eta Euskadikoa bigarrena.
Zer sentsazio izan zenuen?
Beldurtuta joan nintzen, ni baino gerriko altuagoa eta urte gehiago zituen jendea zegoelako. Pisuaren kontuak larritzen ninduen. Nire kategoria azkenekoa da, 70 kg-tik gorakoa, igual dio 72 kilo edo 100 pisatzen baduzu, denak kategoria berean sartzen dira. Konpetizio bat zer zen ikustera joan nintzen, neurtzera, giroa ikustera, eta horrela atera zen.
Zein da zure gerrikoa?
Ni urdina naiz, eta horren ondoren marroia eta beltza doaz. Konpetizio batzuetan parte hartzeko minimoa marroia da, baina urdinarekin ere konpetitu daiteke zenbaitetan. Ni marroiekin eta urdinekin lehiatu nintzen.
Nolatan eta noiz hasi zinen arte martzialetan, judon zehazki?
10 bat urte nituenean hasi nintzen. Txikiagotan gimnasia erritmikoa egiten nuen, baina fisikoa dela eta ez nuen gozatzen. Frustratuta ateratzen nintzen.
Utzi eta aitak judon eman zuen nire izena, Ordizian. Irakaslearekin oso gustora egon nintzen, asko motibatzen gintuen eta nire kirola bezala sentitu nuen. Aitarengatik, ordutik nabil judo praktikatzen.
Zer behar da judoa praktikatzeko? Zer nabarmenduko zenuke?
Errespetu handiko kirola dela iruditzen zait. Nire lehenengo maisuak esaten zuen bezala, ikasi duzuna erabiltzen baduzu besteak mintzeko, defentsa bezala ikasi duzuna proiektatzen baduzu besteei mina emateko kalean, orduan bere zentzua galtzen du. Beti errespetua aurretik: adibidez bi aldiz agurtzen diozu aurkariari eta eskua ematen da. Hori gustatzen zait. Ez da kirol agresiboa, trasfondo gehiago dauka eta teknikak ondo atera arte bide luzea egin behar da.
Zer ematen dizu judok?
Konstantzia izatea eta hobetzeko aukera, beti edukiko dugulako hobetzeko tartea. Taldeak ere asko laguntzen du, inguruan hain jende ona edukitzeak asko motibatzen nau.
Kirol indibiduala da edo taldean landu daiteke?
Kirol indibiduala da, zu zara bestearen aurka. Entrenatzailea bertan dago, noski, laguntzeko eta animatzeko, baina bakarkakoa da lana.
Hurrengoa Espainiako txapelketa izango da. Zer asmo duzu horretarako?
Gipuzkoako aurkariak ez nituen ezagutzen eta Euskadikoan berriz topatu nintzen askorekin. Espainiakoan ez dira berdinak izango, ezagutzen ez dudan jendea izango da. Ez dakit zer espero. urduri ere banago. Neurtzera eta ikastera joango naiz.