Errugbi taldeak garaipenarekin bukatu du liga
Ampo Ordiziak errugbi taldeak garaipen batekin amaitu du denboraldi erregularra. Horri esker, kanporaketa faseko final laurdenak etxean jokatuko ditu, Altamiran, Sevillako Ciencias taldearen aurka.
Ampo Ordiziak igandean jokatu zuen ligako azken partida, Altamiran, UE Santboiana taldearen aurka. Bigarren zatiaren hasieran kataluniarrak aurretik jarri ziren, baina goierritarrek markagailua iraultzea lortu zuten. Santboiana taldekoek azken ahalegina egin zuten, baina gerturatzea besterik ez zuten lortu. Partida 34 eta 32 amaitu zen.
Asteburua Moyua Goierri 23 urte azpikoen taldearentzat ere garrantzitsua izan da. Ordizia errugbi klubeko gazteek ez dute helburua lortu, ordea.
Valentzian jokatu zuten igande goizean, bertako Les Abelles taldearen aurka. Ligako finalera sailkatzea zegoen jokoan. Ordiziarrek 49 eta 21 galdu zuten eta, horrenbestez, aurten ez dute finala jokatuko.













