«Emaitzek argi erakutsi dute onenak garela»
Beasaingo softbol taldeak Euskal Ligari ekingo dio etzi. Egungo txapeldunak dira. Aurten, baina, ezingo dute Igartzan jokatu.
Beasaingo Caribeños softbol taldeak Gipuzkoako Liga irabazi zuen maiatzaren 1ean, bigarren denboraldiz jarraian. Leo Peñalo (Santiago, Dominikar Errepublika, 1988) taldeko sortzaileak eta jokalariak dio ez direla irabazteaz aspertzen. «Jarraitu egin behar dugu, Beasainengatik eta softbola ezagutarazteko»
Garaipenerako gakoa zein da?
Jokalari onak izatea eta talde bezala funtzionatzea. Familia baten modukoa gara. Bakoitza herri ezberdin batean bizi da, bere lagun taldea du, bere lana… baina softbolak batu egiten gaitu eta partidan denok bat gara. Oso polita da hori.
Onak izateko asko entrenatu beharko da.
Aurten zailtasun handiak ditugu entrenatzeko eta jokatzeko. Iaz Igartzako futbol zelaia uzten ziguten, baina aurten ez. Ez dakit zergatik. Hara eta hona ibili behar izaten dugu, frontoietan halamoduz entrenatzen; partidak Donostian jokatzen ditugu, zelaia gure poltsikotik alokatuta.
Igartza futbol zelaiko belarra udan aldatzekoak dira.
Udalarekin behin baino gehiagotan batzartu gara. Esaten digute futbolak ordutegi guztia betetzen duela eta ez dagoela guretzako tokirik. Ez dut uste asko eskatzen dugunik. Igande arratsaldeetan tarte bat eta softbolean aritzeko marrak margotzea. Ordizian badute softbol zelaia.
Ordiziak aurtengo ligan ez du parte hartu. Ez al zaizue erosoagoa egiten hara joatea Donostiara baino?
Ordiziak ez du ligan parte hartu baina taldea badute, eta beraiei lekua jango geniekeela iruditu zitzaigun. Gainera, gu Beasainen errotutako taldea gara, eta ez dakit Ordiziari erraza egingo litzaiokeen guri zelaia uztea.
Gipuzkoako ligan bost taldek hartu duzue parte.
Gipuzkoan zazpi talde gara, baina bostek hartu dugu parte. Oso talde indartsuak daude, maila handikoak. Halere, emaitzek argi erakutsi dute onenak garela.
Euskal Herriko Ligara sailkatu zarete. Etzi jokatuko duzue lehen partida. Garaipena errepikatzeko gai ikusten zarete?
Esperantza badaukat, baina batek daki. Gipuzkoan irabaztea zaila bada, Euskal Herrian… Arabako bi talde izango dira; Bizkaiko, bat; Iparraldetik, bi; Nafarroatik, hiru; Kantabriako talde bat.
Softbola nola ikusten duzu?
Asko hazten ari den kirola da. Baina ez hemen bakarrik, Europa osoan.
Ameriketan indar handiagoa du, ala?
Dominikar Errepublikan kirol nagusia da. Pentsa, niri txupete bat eman beharrean bate bat eman zidaten.
Euskal Herrira etorri zinenean bazenuen softbolean jokatzeko aukera?
Etorri nintzenean futbolean jokatzen hasi nintzen aurrena. Softbolean Gasteizko talde batean hasi nintzen. Baina Beasainera bizitzera etorri nintzenean distantziagatik, lanagatik, familiagatik… ez zitzaidan erraza egiten hara joatea eta taldea hemen sortzea erabaki nuen. Ez zen erraza izan, eta diru asko jarri beharra izan dut. Baina merezi izan du.
Nola uztartzen dituzu softbola eta egunerokotasuna?
Nahi denean beti ateratzen da denbora. Eta hori fabrika batean egiten dudala lan eta handik irteten naizenean tabernako lanera etortzen naizela eta aita ere banaizela.
Taldea osatzeko jende nahikoa aurkitu zenuen?
Bai. Ameriketan indar handia duenez, jende askok jokatzen du. Orain hamazazpi lagun gara taldean. Beasaingo jendeaz gain, azkoitiarrak, arrasatearrak, gasteiztarrak… ere badaude. Eta denak ez gara latinoak. Euskal Herrian jaiotako jendea ere badugu taldean. Iaz Beasainen jokatzen genuenean jendea etortzen zen ikustera, eta bateren bat animatu da jokatzera.
Bateren batek izena eman nahiko balu zer egin behar du?
Nahikoa da taldearekin harremanetan jartzea sare sozialen bidez. Mundu guztia animatzen dut. Ongi etorria izango da.