Dantzaren festa erraldoia
Dantza Asteburua bi eguneko festa izan da Ordizian. Dantzak kaleak berreskuratu izanagatik eta emaitzarekin «oso pozik» agertu da Amets Bide antolakuntza taldea
Dantza Asteburuak emozio festa utzi du antolakuntzan, «ikaragarria» izan da, aitortu du Izaro Intxaustik Amets Bide dantza taldeko arduradunak. Bi urteren buruan, eta aurtengo ekitaldia prestatzeko hilabeteetako lanaren ondoren, emaitzarekin «oso gustura» eta dantzak eta dantzazaleek kaleak hartu izanagatik «oso pozik» agertu da.
Bi eguneko dantza festa erraldoia izan da Ordizian ospatu dutena, eta adin guztietako dantzariek izan dute lekua. Larunbat eguerdian, Pasaiako Studio 24ko balleteko dantzariek, Barandilla egin zuten, Barrena parkean. Arratsaldean Zortzikoak hartu zuen lekukoa. Ehundik gora dantzarik, Ordiziako txistulariek jarritako erritmora dantzatu zuten kaleetan lehenik, eta plazan, ondoren. Plazako ekitaldian aitortza egin zieten Amaia Morales, Enara Etxeberria eta Beñat Etxeberriari Amets Bide taldean egiten duten lanagatik.
Igandea, berriz, dantzari txikien eguna izan zen. Amets Bidekoekin batera, talde gonbidatuetako dantzari gaztetxoek ere parte hartu zuten. Dantzak batuta, Barandiaran plazan egin zuten azken erakustaldia.
Asteburua igarota, hurrengo hitzorduetarako lanean jarraitzeko «ilusioz» daude Amets Bidekoak.













