Naturaren hizkuntza eta euskara naturala, eskutik
Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek gaur Zaldibian 'Euskara eta natura txirikordatuz' hitzaldia egingo dute. Iaz argitaratutako 'Gure faunari eta florari begira' liburua du oinarri, eta herri jakintza iturri.
Euskaldunek natura ikusteko, ulertzeko eta izendatzeko jakintza Gure faunari eta florari begira liburuan jaso zuten, iaz, Lazkaomendin bizi den Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek, hernaniarrak biak. Filologo naturazalea bat, biologo euskaltzalea bestea, ohiko gidetatik harago jo zuten: herri jakintza, sinismenak, esaerak eta animalia espezieekiko «beste inon idatzi ez» den informazioa jaso zuten.
Liburuan oinarrituta, eta Zaldibiako nahiz Goierriko datu gehiago batuta, gaur Zaldibian hitzaldia egingo dute biek, 18:30ean, Karreane kultur etxean, Euskara eta natura txirikordatuz izenburupean.
Liburuaren aurkezpen hutsetik harago joango dira, hala ere. «Pertsonen eta naturaren artean harreman bat badago, lekuan lekukoa izaten dena, eta balio handienak zein diren azalduko ditugu», aurreratu du Agirrek.
Hernanin eta inguruan egin zuten jakintza bilketa, batez ere. Baina interes orokorragoa du, bai eduki aldetik, bai beste herri edo bailara batzuetan antzekoa egiteko ideiagatik.
Herritarren ondarea
Ondare immaterial gisa definitu du Agirrek naturaren eta hizkuntzaren uztarketaz jasotakoa. Gutxi ikertutako esparrua da, nahiz orain ari den indarra hartzen, «galera» arriskuagatik. Baina argi utzi du naturarekiko eta hango animaliekiko herri jakintza hori ez dela desagertu, sarri hartarako kutsu ezkorrez ikusten den arren. «Akatsa da esatea galdu dela. Batzuek galdu dute, gehiengoak agian. Baina jende batek transmititzeko ardura eduki du».
Lan hori, izatez, jakintza hori kontatzen segitzeko baliabide bat dela aitortu du. Bost animalia-familia landu dituzte lehen liburuan. Bigarrena prestatzen hasiak dira, landareen eta zomorroen inguruan. Liburua Elkarren eros daiteke.













