Kadete mailako neskak ohorezko mailara igo dira
Segura K.E-ko Aizkorri Goierri futbol taldeko kadete neskak ohorezko mailara igo dira, azken partida irabazi ondoren. Xabat Maioz eta Xabier Alustizak zuzentzen dute taldea. Denboraldi borobila egin dute, erregularitate handia erakutsiz. 35 puntu lortu dituzte denboraldian, bigarren geratu den Danena K.E-tik 11 puntura. Entrenatzaileen lan bikainak eta jokalarien esfortzu, konpromiso eta giro onak bere saria izan dute. Mutiloa, Ormaiztegi, Zegama eta Segurako neskek osatzen dute taldea. Hurrengo denboraldirako erronkak nesken egitura indartzea eta senior mailan lehen aldiz taldea izatea izango dira. Senior mailako taldea osatu ahal izateko, kanpaina bat jarriko du martxan klubak, taldekide gehiago lortzeko.












