Eskolatuen segregazioa Legebiltzarrera eraman du Podemosek
Podemos Euskadiko Isa Gonzalezek Legebiltzarrera eraman du berriro «Ordizian dagoen eskola segregazio arazo larria». Duela bi aste, Ordizian izan zen Gonzalez, Miren Gorrotxategirekin eta Iñigo Martinez Zaloarekin batera, Ordiziako Eskola publikoko zuzendaritzarekin eta Guraso Elkarteko ordezkariekin bildu eta, «ikasle eskolatuen banaketa desorekatuak sortzen duen egoera bertatik bertara ezagutzeko».
Podemos Euskadiko legebiltzarkideak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin izandako eztabaidan kritikatu du, «duela bost urte salatu zen egoera» bat dela, baina gai honi «bizkarra eman» diotela, eta leporatu zion, «gertatu ziren irregulartasunak ontzat eman» zirela, «itunpeko ikastetxeari ez zegokion ikasgela bat gehiago esleituz».
Gonzalezek azaldu du EAEko «migrazio tasa altuenetarikoa» duela Ordiziak, «%19koa». «Haur hezkuntza eta derrigorrezko eskolatze adinean dauden ikasleen familien herenak» atzerrian duela jatorria, eta «jatorri etorkineko 10 ikasletik 9 eskola publikoan matrikulatuta» daudela; aldiz, «Euskal Herrian jatorria dutenetatik, erdiak baino gutxiagok ikasten dute eskola publikoan».
Gonzalezen hitzetan, «ikasgelek, publikoarenak zein itunpekoarenak, herriaren egituraketa sozialaren isla izan behar dute, eta hori lortzeko modu bakarra ikasle guztiak modu orekatuan antolatzea da». Gogoratu du, Ordiziako ez dela kasu isolatu bat.













