Mendizale kateak tontor nagusienak lotu ditu
Iñaki Beitia Mendi Martxak mila lagun baino gehiago elkartu ditu. Herena baino gehiago emakumeak izan dira, inoizko kopuruik onena. Beroak ez du intzidentziarik eragin eta ia denek amaitu dute.
Mila lagun baino gehiago abiatu ziren Iñaki Beitia Mendi Martxan, herenegun. 07:00ak aldera irten ziren lehendabizikoak, eta orduan ez zuen horrenbesteko berorik egiten. Orduek aurrera egin ahala eguzkiak geroz eta gogorrago jo zuen. Halere, Gurutze Gorriak ez zuen artatzerik egin.
Sekula baino emakumezko gehiagok hartu zuten parte. Hamar partaidetatik lau, emakumezkoak izan ziren.
Gehiengoak lortu zuen amaitzea. Tartean, 82 urteko mendizale batek. Beste batek, nahiz eta zigiluen txartela galdu, amaitzeko grinak bultzatuta besoan jaso zituen seiluak.
Zazpi-zortzi ordu behar izan zituen parte hartzaileen gehiengoak 30 kilometro pasako eta 1.700 metroko desnibel positiboko itzulia osatzeko. Azkarrenak hiru ordu eta erdi behar izan zituen. Izazpi, Pagotxeta, Samiño, Oñamendi, Oleta, Elosu, Trekutz eta Irimo kateatu zituzten.
Oñamendiko tontorrean izan zuten 24. edizioko berrikuntza nagusia: mendi martxaren logoa duen buzoia estreinatu zuten. Mezuak uzteko aukera ere izan zen. Buzoia iaz inauguratu zen, Beitiaren heriotzaren 25. urteurrenean. Halere, pandemiaren erruz azken bi urteetan ekitaldia bertan behera gelditu behar izan denez, sekula pasa gabe zeuden.
Internazionala
Urretxuarrak eta zumarragarrak izan ziren parte hartzaileen gehiengoa. Inguruko herrietatik mendizale asko hurbildu zen. Andaluziatik baita ere. Granadatik lau lagun etorri ziren.













