Olaberrian landa lur gehiago erosiko dituzte, herri jabetzarako
Olaberriko Udalak herrian landa izaerako lur sailak erosteko deialdia egin du, natura-ingurunea zaintzeko eta bertako espezieen basoak berreskuratzeko abian duen egitasmoaren barruan. Lehengo astean onartu zuen erosketarako deialdia, eta administrazio baldintzen eta berezien pleguak.
Baldintza horien arabera, metro koadroko gehienez 0,50 euro ordainduko du udalak lurra, eta egon litekeen gaineko basoaren balorazioa kasuz kasu aztertuko dute teknikari eskumendunek.
Lur sailak saltzeko interesa dutenek, bi hilabeteko epean aurkeztu behar dute eskabidea. Sailak aukeratzeko, puntuaketa sistema bat ezarri du udalak: prezioaren egokitasunak 75 puntu arte balioko du, eta sailaren kokapena da beste irizpide bat: Urbaundi mendian baldin badago 25 puntu, Arangurenen edo Altunen badago, 15 puntu. Gainerako lur sailek ez dute kokapenagatiko puntuaziorik jasoko.
Urtea bukatzerako
Udalak 10.000 euroko aurrekontua bideratu du lurrak erosteko. Lehiaketa publiko bidez egingo dira lur sailen esleipenak. Proposamenak irekitzeko eta aztertzeko kontratazio mahai bat osatuko dute.
Salerosketa eskritura abenduaren 31 baino formalizatu beharko da Beasaingo notaritzan.












