Emakume batek erasotua izan dela salatu du
Emakume batek sexu erasoa pairatu zuela salatu zuen atzo arratsaldean. Beasaingo Udalak "babes osoa" adierazi dio eta Itaiak Bideluze bete du. Beasaingo Asanblada Feministak gaur egingo du elkarretaratzea
Azken festa orduak izan behar zirenak suminak jan zituen. Emakume bat erasotua izan zen igandeko ordu txikietan festagunean eta Beasainek irmo erantzun zuen. Elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean, Bideluze plazan, Itaiak deituta. Adin ezberdinetako jendea bildu zen, asko inguruko herrietatik etorrita.
Horrelako gertakariek lekurik izango ez duten gizarte bat aldarrikatu zuten, eta ez dela kasu isolatu bat salatu zuten. “Norma kultural bilakatzen da emakumeok zapalkuntza forma askotarikoak pairatzea. Are gehiago, festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean eraso hauek normalizatu egiten dira”, hausnartu zuten. “Beharrezkoa dugu emakume langileon kontrako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu eta egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea”. Indarkeria matxistari aurre egin oihu eta txalo artean amaitu zen elkarretaratzea.
Oriako Ertzain-etxean salaketa jarri zen aldi berean. Ertzaintzak gaur goizean baieztatu du. Agenteek sexu-askatasunaren aurkako ustezko delitu batez hitz egin dute, eta kasuaren inguruko xehetasunak argitzen saiatzen ari direla zin egin dute.
Beasaingo Udalak erasotuari eta bere familiari “babes osoa” adierazia zion ordurako. Halaber, festen atarian egindako adierazpen bateratua berretsi zuten. “Sexu-erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta onartezinak. Bereziki emakumeei egindakoak. Jaiak libre eta seguru bizi behar dira. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik. Horregatik, gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen diogu herriari. Udalak ere hala egingo du. Ustezko gertaera guztiak, gure herritik eta jaietatik desagerrarazteko erasoak dira”.
Beasaingo Asanblada Feministak gaur egingo du elkarretaratzea. Erauskin plazan elkartuko dira, 19:00etan. Herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete. “Saretuta gaude eta parean gaituzue”, diote. Oriako Lamiek, Asmubek, Beasaingo Udalak eta Goierriko Neska Gazteek bat egin dute deialdiarekin.
Laguntza ezkutatzeko ahalegina
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak martxan izan dira loinatz guztian. Alde batetik, Emakundek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eudelekin batera ondutakoa eta, bestetik, Itaiak prestatutakoa. Bada, antolakunde sozialistaren protokoloaren berri ematen zuten kartel informatiboak erasotuak izan ziren larunbatetik iganderako gauean, erasoa jazo zen gau berean.












