Goierriko Koordinadora Feministarentzat arazoa "estrukturala" da
Loinatz Jaietan salatutako erasoa egunero jazotzen diren erasoen beste adibide bat dela diote. Intituzioei kargu hartu diete, protokoloek "berriro" kale egin dutelako; gizonezkoei euren "pribilegioak deseraikitzeko" eskatu diete
Bideluze plaza mukuru beteta atzoko elkarretaratzean Goierriko Koordinadora Feminista kokoteraino dago. “Nazkatuta gaude emakume izate hutsagatik gizonen erasoak behin eta berriro jasan behar izateaz”. Etengabe. Izan ere, koordinadoraren ustez Loinatz Jaietan salatutako erasoa “egunerokoan jasaten ditugunen adibide bat gehiago besterik ez da”. “Jaietan droga zein alkoholak eraso hauek justifikatzen ditu gizartearen begietara baina badakigu honen atzetik estrukturala den gizarte egitura bat dagoela, erasoak sostengatuk eta birproduzitzen dituena”.
Sistema “errotik” aldatzeko eta gizarte feminista eraikitzeko borrokan jarraituko dutela iragarri dute.
Instituzioei, gizonezkoei eta kominikabideei kargu hartu diete. Administrazioari esan die “berriro” agerian gelditu dela “segurtasun planek ez gaituztela babesten”. Espazio publikoak emakumeentzat ez direla seguruak azpimarratu dute; gizonezkoei “beren ekintzen jabe” egiteko eskatu diete, “beren pribilegioak onartu eta deseraiki ditzaten”. “Argi” diote: “erasoen erantzuleak gizonezkoak zarete. Zuen ardura da gu ez erasotzea eta gizonen espazioetan erantzukizunez jokatu eta jarrera matxistak moztea”; komunikabideek auziari emandako trataera ere gaitzetsi dute. Erasotua babestu baino honen intimitateari eraso egin diotela aipatu dute.
Goierriko Koordinadora Feministak erasotuari babesa eta elkartasuna adierazi dio.












