Garaipen zaporea utzi du
Ligako finala borrokatu badute ere, UE Santboianak irabazi eta Ampo Ordiziak errugbiko Ohorezko Mailako txapeldunorde titulua lortu du. Harrera ekitaldi jendetsua eta beroa egin diete Ordizian
Harrera jendetsua eta beroa Ampo Ordiziako mutilei atzo egin zietena. Itxaropen handia zuten errugbiko Ohorezko Mailako lehen titulua lortzeko, baina ezin izan zuten garaipen batekin amaitu. Final handian UE Santboianaren aurka 23-17 galdu ondoren, txapeldunorde bihurtu dira hirugarren aldiz taldearen historian, beraz, nolabaiteko garaipen zaporearekin, ongi etorri berezia egin zieten herrian.
Arratsaldeko 19:00etan iritsi ziren Ampo Ordiziako jokalariak eta zuzendaritza taldea, Olano ingurura. Iñaki Puyadena eta Julen Goia aurretik, txapeldunordearen kopa eskuan zutela zeharkatu zuten jendetza, udaletxeraino. Bertan, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok egin zien harrera. Jarraian, udaletxeko balkoira atera ziren, herritarrekin batera ospatzera. Ondoren, plazan jarraitu zuen festak. Ekitaldia amaitutakoan kamisetak sinatu zituzten jokalariek.
Irabazteko taldea
Liga bat irabazteko ahalegin guztiak egiteko «konpromisoa» hartuta, eta hori lortzeko aukerak zituen taldea zela zirt-zart esan zuen Iñigo Marotias Ampo Ordiziako entrenatzaileak denboraldi hasieran. Ez zebilen urrun, ez. Ilusioa, urduritasuna, emozioa eta gehiago piztu ditu talde ordiziarrak, Ligako oilarren aurrean ere aurpegia emanda, denboraldi bereziki gogor batean, hein handi batean, Kawa Leuamaren heriotzak suposatu zien astinduagatik, baita lesioengatik ere. Pasatakoak pasata, Ohorezko Mailako txapeldunorde titulua ez die inork kenduko jada.
Iragan asteburuan, Ligako finalerdietan El Salvadorren aurka errugbi erakustaldi bikain bat eskaini eta sekulako balioa zuen garaipena lortzetik zetorren Ampo Ordizia. Igandean, 12:00etarako Ordiziako Plaza Nagusia bete egin zen, udalak bertan jarri zuen pantailaren bidez partida zuzenean ikusteko. Bitartean, Baldiri Aleu estadioko harmailetan etxekoen urdin kolorea ageri zen gehienbat, baina ordiziar zaletuen gorri kolorea ere nabarmendu zen.
Oso partida borrokatua izan zen. Ampo Ordizia izan zen markagailuan tantoak gehitzen lehena, baina etxekoak sendo erantzun eta euren aukerak hobeto aprobetxatu zituzten. Atsedenaldira 13-7 iritsi ziren. Sei tantoko abantaila kataluniarrentzat baina oraindik beste 40 minutu zeuden aurretik.
Bigarren zatiaren erdian baina, Contardik, Amporen defentsa gainditu eta zutoin artean sartu zuen baloi obalatua. 20-7, maldan gora jarri zitzaien partida ordiziarrei. Denborarik galdu gabe, Valentin Cruzek ostikoa jo eta zuzenean zutoinen artera bidali zuen baloia. 20-10 murriztu zuten aldea. Hortik aurrera baina, jokoa astuna bihurtu zen, metro bakoitza oso borrokatua izan zen, eta minutuak aurrera egin ahala, tentsioa nabaria zen zelaian.
Iñigo Marotiasen mutilek zeukaten guztia eman zuten, Santboik ez zuen joko hobea egin baina markagailua etxekoen alde jarri zen. Epaileak partida amaitutzat eman zuenean, harmailetan festa Santboianaren zaletuen artean. Ordiziako zaletuen eta jokalarien artean berriz, partida amaitu berritan zapore mikatza, baina ligako azpitxapeldun izateagatik ere harro.













