Kantaka eta Urmaiz abesbatzak Aita Donostiaren zikloan kantari
Lazkaoko Kantaka abesbatzak eta Ormaiztegiko Urmaiz koruak Donostian kantatuko dute, bihar, 25. Aita Donostia aste musikalaren bukaerako kontzertuan. Karl Jenkinsen The armed man abestuko dute, 2000n bakearen alde idatzitako konposizioa. Donostiako Kaputxinotarren elizan (Okendo kalea, 22), bihar 20:00etan da kontzertua.
Goierriko bi abesbatza horiekin batera, Aita Donostia abesbatza eta Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzak ere kantatuko dute. Guztiak Javier Alberdi zuzendariak zuzenduko ditu, ohikoan egin ohi duen bezala.
Kantakarentzat obra ezaguna da. 2014an Arerian estreinatu zuten The armed man, orduan ere Aita Donostia abesbatzakoekin batera. Urmaiz urte batzuk geroago batu zitzaien egitasmo komunetara, Vivaldiren Gloria (2018) edo Faureren Requiema (2021) kontzertuetan, adibidez.
Biharko kontzertuan, lau abesbatzetako kantariez gain, orkestra bat ere ariko da, flauta, piano, organo, tronpetak, biolontxelo, eta perkusioak osatua. Kantu-bakarlariak Lucia Gomez mezzosopranoa, Iñigo Vilas tenorea eta Abdala Elmashoubi muezina izango dira.
Kantakak bi saio Lazkaon
Ekainean bi emanaldi egingo ditu Kantakak Lazkaon bertan. 23an plazan kantatuko du (21:00), San Joan suko ekitaldian. 26an, Beneditarren elizan (19:00), Artzeren omenaldian.













