Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria, Goilurrak rallyan errepikatzaile
Bigarren urtez jarraian irabazi dute hamar erlojupeko zatidun rallya. Lujua eta Altuna erretiratu izana ondo baliatu dute. Benetako erresistentzia proba izan da
Xabier Lujua eta Jesus Estrada bikote beteranoarentzat nahieran zihoala zirudien IV. Goilurrak Rallya. Ostiraleko bi zatiak eta larunbat goizeko lehen hirurak irabazi zituzten, alde handirik lortu ez arren inork gainik hartzen ez zietela. Baina TC6 zatian arazoak izan zituzten, eta ia bost minutuko atzerapenarekin iritsita, erretiratu egin ziren. Portugalgo txapeldun izandako Hyundai i20 R5 ahaltsuarentzat ere gehiegi izan zen Goilurrak luze bezain gogorra.
Hamar erlojupekorekin —aurrekoetan baino bi gehiago— eta guztia eman beharreko 116 kilometrorekin, inoizko rally bikainena antolatu dute Ikullu Racingek eta Errebueltie eskuderiak, Goierriko, Urola Erdiko eta Tolosaldeko errepideetan. 71 auto zeuden izena emanda, eta horietatik 69 baimendu zituzten irteeteran. Larunbat goizerako, 62 geratzen ziren. 27k utzi zuten.
Bilbotarren emanari Iban Altuna amezketarrak eta Diego Cruzek (Skoda R5), eta 2021eko Goilurraken irabazle Iñaki Narbaiza-Unai Etxeberriak (Peugeot 208 Ra4) eutsi zioten. Altunak ere arazoak izan zituen, ordea, larunbateko lehen zatian, eta karrera utzi zuten. Narbaizak Lujuaren ezkutari lanak egin zituen hurrengo bietan, hura ere paretik kendu zen arte. Bidea libre izan zuten gero eibartarrek.
Xabier Mujikak azken zatia
Lujua lehen bost TCetan nagusi izan bazen, Narbaizak agindu zuen 6.ean eta 7.ean. Hutsik egin gabe iraun zuen azken hiruretan ere. Gurutz Agirretxe-Jon Zozaia (BMW M3), Ibon Beitia-Jon Zubiaurre (BMW M3) eta Xabier Mujika-Miriam Iztueta (Citroen Saxo VTS) suertatu ziren 8, 9. eta 10. TCetan onenak. Aipagarria Mujia eta Iztueta urretxuarren bukaera, Saxo txikiarekin menperatu baitzituzten auto handiak. Sailkapen nagusian laugarren postuan amaitu zuten.
Klaseka, hauek izan dira IV. Goilurrak rallyan lehenak: 20.ean Mariano Lavin-Yasmina Alcega (BMW 328i), 2.ean Jokin Madina-Nagore Hidalgo (SaxoVTS), 3.ean Ibai Agirre-Ander Ginea (Peugeot 208 R2), 4.ean Iñaki Narbaiza-Unai Etxeberria (Peugeot 208 Ra4), 5.ean Ibon Beitia-Jon Zubiaurre (BMW M3), 6.ean Xabier Lujua-Jesus Estrada (Hyundai i20 R5), eta 9.ean Aratz Zarakondegi-Asier Urkiza (Ford Escort Mk).
Karrerak, luzea izan arren, ez zuen etenaldi askorik izan. Lehen zatia geldirik egon zen 15 bat minutuz, istripu batengatik, eta TC3 ere moztu ondoren neutralizatu egin zuten.