Motxila Laranja ihes kaleak Lazkaoko kaleak hartuko ditu gaur arratsaldean
Jolasaren bitartez harremanak eta aniztasuna lantzea, horixe da Ikertze eta Sorginlore elkarteek antolatutako Motxila Laranja egitasmoaren xedea. Itsasondon eta Seguran ere egingo dute
Scape room erraldoi bilakatuko da gaur Lazkao. Motxila Laranja ihes-kalea abentura herrian bertan gozatzeko aukera izango baitute, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoek. Bi saio egingo dira: 17:00etan eta 19:00etan eta saio bakoitzak, 60 minutu inguruko iraupena du. Taldeka egiteko ekintza bat da.
Motxiladun bidaiarien irudia berreskuratu eta gazteentzat interesgarria izan daitekeen jarduera bat antolatzen saiatu dira proiektuaren sustatzaileak, nahiz eta partaideek ez duten urrutira bidatu beharko. Aurreko egunean sakelekora iritsitako mezu baten bidez jakin zuten bidaiari talde guztiek zein izango den abiapuntua. Aukeratutako orduan bertara gerturatu, antolakuntzak banatuko dituen motxila eta mapak jaso eta atzerako kontaketa hasiko da. Froga guztiak gainditu eta azken geltokira iristea da gakoa. Aukera izango dute partaideek herriko txoko ezkutuak deskubritu eta bertan gordeak dauden enigmak argitzeko.
Honakoa, Ikertze eta Sorginlore elkarteen proposamen bat da. Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak diruz laguntzen duen Begirada Kontzienteak programaren barruan aurkeztu dute egitasmoa, eta, jolasaren bitartez, gazteekin «harremanak eta aniztasuna» eta halako gaiak lantzea du helburu. Zarauzko eXperientziak elkartea arduratu da jolasaren diseinuaz, eta Goieki Goierriko Garapen Agentziaren eta Goierri eta Urola Kostako hainbat udalen laguntza «ezinbestekotzat» jo dute antolatzaileek.
Itsasondon eta Seguran ere
Ekimen hau, Gipuzkoako sei herritara iritsiko da: Lazkaon hasiko da gaur; Itsasondon egingo dute bihar, asteazkena; Seguran, etzi, osteguna; eta hurrengo hiru datak dira Zarautzen uztailaren 11n, astelehena, Aian uztailaren 12an, asteartea eta Zumaian uztailaren 13an, asteazkena. Herri guztietan bi saio egingo dituzte, 17:00etan lehenengo txanda eta 19:00etan bigarrena.
Lazkaokoan, bi txandak beteta daude. Itsasondon eta Seguran berriz, tokia dago oraindik. Beraz parte hartu nahi dutenek, izena eman dezakete, ihesgelapedagogikoa.eus webgunean, motxila laranja atalean sartuta. Gehienez seiko taldeetan parte har daiteke.