Oriamendiko lanen azken txanpak herriguneko trafikoa baldintzatuko du
Ibilgailuentzako herriguneko ardatz nagusienetako bat itxita egongo da gaur eta bihar. Gainerako murrizketak eta aldaketak larunbatean amaituko dira. Lanak hala bukatuko dituzte
Oriamendi kaleko asfaltatze lanek Beasaingo ardatz nagusienetariko bat ixtea behartu dute. Larunbatera arte, gutxienez. Halere, debekua ez da orokorra izango, zirkulazioa egunez egun egokituko dutelako. Gaur eta bihar, esaterako, San Inazio kaletik datozen ibilgailuek Erauskin kalera jo beharko dute, kontrako norabidean, derrigor. Foru eta Oriamendi kaleen arteko lotunea ere itxita egongo da.
Erauskin plazako eta Garmendia Otaola kaleko bidegurutzerainoko zirkulazioa etzi irekiko da, erdizka bada ere. Ibilgailuek espaloiaren gainetik joan beharko dute tarte batean. San Inazio kalea itxiko dute orduan, eta ibilgailuek Andra Mari kalean gora hartu beharko dute.
Aparkatu ere ezingo da. Gabezia arintzeko Gernika Pasealekuko TAO gune marroiak urdin tratamendua izango du egoiliar txartela dutenentzat. Autobus geltokiak ere baldintzatuko ditu. Bideluze plazaren parean behin behineko geltokia egokituko da.
Erauskingo eta Ormiamendiko obrak guztiz amaituko dira errepidea fresatzean, amaierako asfaltatze geruza ezartzean eta bide markak margotzean. Otsailean ekin zieten lanei, hoditeria berritu eta zorua egonkortzeko helburuarekin. Beasaingo Udalak zin egin du oinarri berriari esker ez dela zulo gehiago sortuko.
Senpereko lanak amaitu dituzte
Senpereko bidegurutzea biribilgune bilakatzeko lanak amaitu dituzte. Trafikoa arintzeko balioko duela uste dute agintariek, ibilgailuek ez dietelako traba egingo elkarri.