Aterpean ere erreka eta aterkia zabalik
Nobedade asko eskaini ditu azkeneko azokak ere. Ez soilik fruta eta barazkitan, eguraldiak ere ezuste galanta eman du.
Eguraldia, azken urteetan, geroz eta sarriago ematen ari da muturreko ezusteak. Atzo azoka bera izan zen horrelakoa bizi izan zuena. Lainotua, 16 gradu inguru eta goizeko 09:55k: Sekulako euri jasa.
Plazako aterpea ez zen nahikoa bertakoak aterpetzeko, barneraino sartzen zen euria haize bolada handia izan baitzen aterkia behar zen eta erreka oinpean. Lurreko ogiz betetako saskiak altxatu beharrean izan zen Maite Iturbe okina.
Beheko arboladiko eta inguruko fruta, jantzi… postuetan ere momentu larriak haien toldoak ez baitira izan nahikoa babesteko.
Gainerakoan, produktu berri dezente atzo ere. Aramako Iturriotz baserriko Indibaba zuri freskoa edo potxa ere esaten zaiona ekarri zuten Patxik eta Lurdesek, 10€/k leka eta guzti. Urteko babarrun garaiari hasiera eman ohi diona izaten da.
Zeraingo gerezi tomatea
Tomateei dagokionez, gerezi tomatea ekarri zuen atzo Iñaki Intxausti Zeraingoak, 5,5€/k. Oso harrera ezberdina du honek bezero eta ekoizleen arabera, oso gustukoa dutenak badira eta inolako graziarik egiten ez dionik ere bada. Halere azken urte hauetan gure artean ospea irabazten ari dela esan daiteke. Tomate motak poliki-poliki ugaritzen ari dira.
Azelga gorri berria ere bai postu berean, 1,6an sorta. Berdea maiatzaren bukaeran hasi zen. Ia urte guztian gure baratzeetan eta ondorioz azoketan izaten den barazkia da zerba. Piper morro gorritua Montesenekoen postuan, 4€/k.
San Pedro sagarra
Atzerapen pixka batekin bada ere hemen da San Pedro sagarra, 2 €/k. Ataungo Arratia Eneako Lurdes Zurutuzak ekarria. Baita San Juan sagarra ere. Biak ala biak zuzenean arbolatik hartuak, izan ere kolpatuz gero laster galdu ohi dira.
Hemengo onddo kilo bat 40 euroan Aramako Arantxa Zurutuzak salgai, kanpotik 170 kilo inguratu dituzte. Erosleen artean Argiñano sukaldaria ere bai. Gorringo, zizahori eta azkenak izan daitezkeen udaberriko ziza gutxi batzuk eskaintza osatzeko.