Haurren irakurle-bihotzak irabazi ditu
Enara Garmendia idazle olaberritarrak irabazi du aurtengo Juul sarietako bat. Ikasleek liburu gustukoenak bozkatu dituzte, eta 'Hiru gara, baina niri bost' lana aukeratu dute horien artean.
Sarrera ezin hobea egin du Enara Garmendia idazleak (Olaberria, 1993) literaturaren munduan. 2021ean bi liburu argitaratu zituen, gazte literaturan 12-16 urtekoen esparruan koka litekeen Etxetik Ameriketara eleberria, eta haur gazteagoentzat (10-13) Hiru gara, baina niri bost! narrazioa, biak Ereinekin eta biak iazko maiatzean kaleratuak. Lehen saria ere iritsi zaio.
Irakaslea ikasketaz eta lanbidez, haurrei zuzendutako Hiru gara, baina niri bost! lanak Juul sarietako bat merezi izan dio. Maiatzaren 25ean banatu zituzten, Tafallan (Nafarroa). Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioetan bozkatuenak izandako liburuek jaso dute.
Garmendiaren lanak 8-10 urtekoen C mailan bigarren saria lortu zuen. Bi idazle goraipaturekin banatu zuen podiuma: Ibon Martin lehenengo Onin eta denboraren makina kontakizunarekin, eta Toti Martinez de Lezea bigarren Nur eta zirku miragarria liburuarekin.
Leire Urbeltz ilustratzaileak egin ditu, bestetik, Garmendiaren libururako marrazkiak.
Sariaren garrantzia, publikoaren beraren aldetik iritsi izanak handitzen du. Izan ere, Juul sariketaren 24. ekitaldian, Euskal Herri osoko ikastoletako haurrek eta gazteek liburu gustukoenak aukeratu dituzte. 14.000 boto bildu dituzte denera liburuek, eta 7.500 boto ilustrazioek.
Lanagatik AEBetan
Saritutako Hiru gara, baina niri bost! narrazioan amaren lanagatik AEBetara urtebeterako joan behar izan duen familia baten gora-beherak kontatzen ditu, Gorka pertsonaiaren ahotik. Ildo beretik ondu zuen gazteena ere.