Igandean ospatuko da Lierniko erromeria, bi urteko etenaren ondoren
2019an ospatu zen azkeneko aldiz. Liernira igo eta jaisteko autobus zerbitzua egongo da Ormaiztegitik. Pilaketak ekiditeko oinaz edo autobusez joateko eskatu dute. Parrillak erabilgarri egongo dira
Lierniko erromeria bueltan da. Pandemiagatik bi urtez ospatu gabe egon ondoren, aurten berriro ere ospatuko da. Igandean jai giroz beteko da Lierni. Ormaiztegiko Udalak, Mutiloako Udalaren laguntzarekin egunerako egitaraua prestatu du. Dastaketa, jolasak, bazkaria, toka txapelkea eta musika izango dute ormaiztegiarrek erromeriaz gozatzeko.
2019an ospatu zuten Lierniko erromeria azkeneko aldiz. Aspaldiko usadioa denez herritarrak deitu dituzte parte hartzera. 11:30ean hasiko dute eguna. Salda eta txorizo dastaketa, haurrentzako jolasak, meza eta Urmaiz abesbatzaren kontzertua izango dituzte goizean. Bazkari herrikoia 14:30ean izango da. Txerri saiheskia jango dute, patatekin, eta haurrek makarroiak tomatearekin. Arratsaldean DJ Inaxiok alaituko du giroa, eta 18:00etan, XXIV. toka txapelketa herrikoia jokatuko da. Izen-ematea 17:45ean izango da, eta irabazleak bi lagunentzako otordua jasoko du Mujika jatetxean.
Autobus zerbitzua
Aurten berezitasun batzuk izango dira. Ormaiztegitik autobus zerbitzua izango da Liernira igo eta jaisteko. 12:00etan Ormaiztegiko udaletxe aurretik irtengo da autobusa, eta itzulera 19:00etan eta 20:00etan izango da, Lierniko aparkalekutik. Pilaketak ez sortzeko oinez igotzea edo autoak betetzea eskatu dute.
Herritarrek haien mahaiak igo eta jaisteko kamioia erabiltzeko aukera izango dute, 11:00etan igotzeko eta 19:30ean jaisteko. Parrilla publikoak erabilgarri egongo dira.