Intsektu saproxilikoentzako egurrezko egiturak jarri dituzte Oiangu parkean
Egur pila hauen bitartez, batetik, Oiangun sortutako egurra, Oiangun bertan geratuko da bere bizi-ziklo osoa bermatuz, eta bestetik, intsektu horien kontserbazioan lan egiten da bere habitataren iraupena bermatuz.
Intsektu saproxilikoentzako egurrezko egiturak ipini dituzte Ordiziako Oiangu parkean. Saproxiliko hitzak materia organiko hila asimilatzen duten organismoei egiten die erreferentzia, bizi zikloaren une konkreturen batean behintzat. Kakalardo espezie asko espezializatu dira materia organiko mota hau prozesatzen, basoetako zuhaitzen biomasa deskonposatzea ahalbideratuz. Talde funtzional hau oso garrantzitsua da baso ekosisteman, mantenugaien birziklapena burutzen baitute, berriro emankortasuna emendatu eta aukera berriak emanez datozen belaunaldiei. Baso baten kalitatearen bioindikatzaile finak dira.
Hori kontutan hartuta, eta Ordiziako Udalarentzat «lehentasuna» denez «Oiangu parkeko kudeaketa jasangarria» egitea, egur pila hauek jarri dituzte, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Horretarako, Oiangu bertako zuhaiztian, erortzeko arriskuan zeuden adarrak kimatu eta horiek erabili dituzte.
Interes handiko intsektuak
Ezaugarri oso zehatzak dituzten enbor horiek, interes handiko intsektuek bere bizi-zikloa osatzeko ezinbestekoak dira eta horiek dira intsektu saproxilikoak: arkanbelea (Lucanus cervus), kakalardo adarluze alpetarra (Rosalia alpina) edota Osmoderma eremita esaterako. Intsektu hauek guztiak EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta daude.
Aranzaditik nabarmendu dutenez, «Oiangu eta bere inguruetan ikusi dira intsektu hauetako batzuk». Egur pila hauen bitartez, batetik, Oiangun sortutako egurra, Oiangun bertan geratzen da bere bizi-ziklo osoa bermatuz, bestetik, intsektu horien kontserbazioan lan egiten da bere habitataren iraupena bermatuz.