Udalak ia bost milioi bideratuko ditu etxez etxeko arreta zerbitzura
Loinatz eguneko zentroko erabileran eta kudeaketan bi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du. Hiru urteko kontratua da, bostera arte luzatzeko aukerarekin
Beasaingo Udalak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuetara zazpi milioi bideratuko ditu datozen bost urteetan. Bost milioi, gutxi gorabehera, etxez etxeko arreta zerbitzuarentzat izango dira; gainerakoa, Loinatz eguneko zentroko erabilerarentzat eta kudeaketarentzat. EAJk eta PSE-EEk proposamenaren alde bozkatu zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen.
Nerea Manzisidor koalizioko bozeramaileak esan zuen pleguak ez direla eurak agintean baleude aterako zituztenak. «Iruditzen zaigu anbizio gehiagorekin jokatu ahal dela», kexatu zen. «Plegu hauek ez dituzte langileen baldintzak hobetuko. Beasain bezalako herri batean zerbitzu hau publiko egitea agian ez da posible, baina udal gobernuak borondatea badu posible da zaintza lanak beste ikuspegi batekin lantzea. Pandemiak argi erakutsi du beste eredu bat beharrezkoa dela», gaineratu zuen. Zaintza eredu komunitarioak aldarrikatu zituen.
Leire Artola alkateak erantzun zion esanez etxez etxeko arreta zerbitzuko langileei aplikatu beharreko ituna Goxara enpresak eta langile ordezkariek urteetako tirabiren ondoren aurten sinatutako hitzarmen kolektiboa dela, «tokatzen den bezala». «Askotan asmoak bat izaten dira baina legeak bere mugak ditu».
Malu Valles Ongizate zinegotziak berretsi egin zuen. « Lan hitzarmenean jasota ez dauden baldintzak ezin ditugu ezarri», azpimarratu zuen. Hala ere, udalak egindako esfortzua goraipatu zuen. «Pleguek ez ziguten langileen baldintzak arautzeko aukerarik uzten. Baina posible zen orain arteko aurrekontuari eustea eta iristen zen tokira iristea. Baina ez da hala izan. Udalak apustu argia egin du eta, uste dut, denok harritu gaituela zenbaki hauek ikusteak», esan zuen.
Manzisidorrek ez zuen ukatu. «Guretzat plegu hauek badira zaintza lanak demokratizatzeko tresna bat. Argi dago», erantzun zion. Abstentziora horregatik jo zutela arrazoitu zuen.
Alderdi Sozialistarentzat ere aurkeztutako diru partidak balekoak dira, zerbitzua «optimizatzeko» baliagarriak izango direlakoan. «Udalaren helburua ahalik eta zerbitzu onena bermatzea izan behar da».
Oposizioaren ekarpenak
Etxez etxeko zerbitzuaren eta Loinatz eguneko zentroaren ustiapen akordioak udazkenean iraungiko dira, luzapen posible guztiak agortutakoan. Horregatik, zerbitzuak kontratatzeko lizitazioak berriz egin beharko dira. Lizitazio horien baldintzak bozkatu zituzten azken osoko bilkuran.
Esleipen prezioaz gain, kontratuen iraupena ere adostu zuten. Hiru urtekoa izango da, urte beteko bi luzapen izateko aukerarekin. Halaber, koordinatzaileari C1 gaitasun maila eskatuko zaio eta langileek euren euskara maila adierazi beharko dute euskaraz artatzea izan nahi duten erabiltzaileen eskubideak bermatuta egon daitezen.
Baldintzetako batzuk PSE-EEk eta EH Bilduk proposatutakoak dira. Elkarri eskerrak eman zizkieten. Batzuk, egindako ekarpenengatik; besteek, aintzat hartzeagatik, denak izan ez badira ere.
Esleitzeko irizpideei dagokienez, automatikoki baloratu daitezkeen irizpideek erabakiaren pisuaren erdia izango dute eta automatikoki baloratu ez daitezkeenek beste %50a.
Hemezortzi erabiltzaile
Loinatz eguneko zentroak aste barruan hemezortzi pertsona artatzen ditu. Batzuk garraio egokitua ere erabiltzen dute. Asteburu eta jai egunetan, berriz, dozena bat lagun dira erabiltzaileak. Kudeaketa eskumena foru aldundiarena da, baina udalarekin akordioa du.