Baserriko ateak zabal-zabalik
ENBAk antolatutako 'Ongi etorri baserrira' egitasmoan Goierriko zazpi baserrik eta ustiategik hartu dute parte. Arramendin txahal jaio berriekin gozatu dute bisitariek
ENBA sindikatuak antolatuta, zazpigarren aldiz, asteburuan, Ongi etorri baserrira egitasmoan parte hartu dute familia ugarik. Baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraiki nahi nahi izan dituzte beste behin ere, baserriko eta ustiategietako ateak parez parez irekiz eta baserritarrek egiten duten lana ezagutzera emanez. Goierrin, Olaberriko Irantzuagak, Zeraingo Ariztizabal eta Txirbilek, Aralarreko Beltzulegi, Ordiziako Arramendi, eta Zeraingo Olabide eta Idiazabalgo Ondramuño ustiategiek hartu dute parte.
Ordiziako Arramendi baserrira joan diren zazpi familiek (30 lagun) ez dute berehalakoan ahaztuko larunbatean bertan bizi izan zutena, batez ere, goiztiarrena iritsi den familiak: txahal bikiak jaiotzen ikusteko aukera izan baitzuten. Gainerakoek, txahalek zutik jartzeko egindako lehenengo ahaleginekin gozatu ahal izan zuten. «Berehala banatuko ditugu amarengandik. Esne gehiegi edukitzen du amak eta txahalek esne gehiegi hartzen dute eta kalte egiten die. Guk ematen diegu amaren esnea», azaldu zien Joxe Ramon Artsuagak bisitariei.
Arramendin frisoi arrazako esnetarako behiekin egiten duten lana. 60 bat behi dituzte eta Kaikuri saltzen diote ekoizten duten esnea. «Egunero etortzen da kamioia. Batez beste, 32-33 litro esne ematen ditu behi bakoitzak egunean. Beraz, badakizue Kaiku produktuak erosten dituzuenean hemengo esnearekin egindako produktuak direla».
Behien elikadurari dagokionean, apiril bukaeratik hasita inguruko larreetan bildutako belarra, lastoa eta pentsua ematen diete, arrazionatuta. Automatizatuta daukate dena; ukuilua teknologia berrietara egokituta daukate. «Haizegailuak ere jarrita dauzkagu. Asko sufritzen dute behiek 30 gradutik gora daudenean. 23 gradura igotzen denean martxan jartzen dira».
Esnea ekoizteaz gain, baserritarrek ingurunea ere zaintzen dutela gogorarazi zieten familiei. Bisitarekin amaitzeko, mokadutxoarekin indarrak hartu eta eskulanak egiteko aukera izan dute.
Bisita gehiago
Ostiralean eta larunbatean bisita gehiago ere antolatu zituen ENBAk; Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban guztira 30. Goierriren kasuan, Arramendiko bisitaldiaz gain, Zerainen Txirbil aroztegian, Axalko egurrezko bizikletak eta mendiko makilak nola egiten duten azalpenak jaso zituzten eta Ariztizabal baserrian, berriz, egungo basogintzaren errealitatea ezagutu zuten. Olaberriko Irantzuaga baserrian, berriz, oilo eta arrautza ekoizpena, eta Aralarko Beltzutegi txabola eta Aranburutarren Olabide eta Ondramuño gaztandegietan gaztaren nondik norakoak.













