Frankismo garaian eraildako bi olaberritarren omenezko tokia: Bujanda eta Lasa Plaza
Bujanda eta Lasa Plaza izena hartu du Olaberriko Udaletxe ondoko Plaza Txikiak, 1936an frankistek eraildako bi olaberritarren omenez eta Olargi herri ekimenak bultzatuta. Gaur goizean egin dute ekitaldia.
Olaberriko Udaletxe ondoko Plaza Txikiak beste izen bat hartu du, 1936an eraildako bi olaberritarren omenez, Bujanda eta Lasa Plaza izango da aurrerantzean, Olargi herri ekimenak bultzatuta. Gaur goizean egin duten ekitaldian Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda fusilatuen familiartekoak ere izan dira plaza bete hartan. Lasaren eta Bujandaren memoria gogoan izan dute herritarrek ekitaldian zehar, baita garai hartan mehatxuak, atxiloketak, erbesteratzeak eta abar jasan izan zituzten beste hainbat olaberritarrena ere.
Ekitaldia txalaparta hotsez hasi dute. Ondoren, irakurketaren txanda izan da eta Lasa eta Bujandaren istorioak kontatu dituzte, gertatutakoa gizarteratzeko asmoz. Ondorengo istorioak kontatu dituzte:
Martzelo Lasaren kasuan, Lizarraustiko 47.kilometroan fusilatu zuten, 17 urterekin. Bere erailketaren aurretik beste behin ere atxilotua izan zen eta Etzegaratera eraman zuten fusilatzeko asmotan, baina ihes egitea lortu zuen. Handik egun batzuetara, ezkutatuta egon ondoren, etxera itzuli zen baina herritar batek haren itzuleraren berri eman zuen eta haren bila etorri ziren erreketeak. Etxe osoa miatzen ari zirela Martzelo Lasaren ama eta arrebari, Francisca eta Mariari, ilea moztu zieten. Azkenean topatu zuten Martzelo eta Lizarraustira eraman zuten eta bertan tirokatuta erailtzeko. Lurperatzen ari zirenean haur batek ikusi zituen zuhaitz baten atzean ezkutatuta eta honen transmisioari esker topatu ahal izan zituzten bere gorpuzkiak familiartekoek, 2018.urtean, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin.
Jesus Bujandaren erailketa «ideia zapaltzaileen aurka egiteagatik» izan zen, 38 urte zituela. Frankismoa bere unerik gogorrenean zegoen inguruotan eta inor ez zen ausartzen Francoren aldeko goierritarrei aurka egiten, bazekiten eta zer gertatzen zer hori eginez gero. Herriko abertzaleek bilera bat antolatu zuten eta gonbidatua izan ez zen pertsona bat azaldu zen, beraz, Bujandak honi sartzen ez uzteko hautua hartu zuen, beste kideen babesarekin, bazekiten eta hura beste norbaiti informazioa helarazteko joan zela hara. Gau hartan bertan, CAF-en lanean ari zela atxilotu zuten eta familiak dakienaren arabera, hurrengo goizaldean tirokatuta hil zen Ataunen.
Ekitaldiari segida emateko, Leire Bujanda Jesus Bujandaren birbilobak agurra eskaini diete familiartekoei, Amak Taldeak musikaz lagunduz, eta dantzaren amaieran besarkada hunkigarri bat eman die guztiei, banan banan, malko artean. Emozioz beteriko momentu honen ostean, gertatutako sarraskiak gogoan izatearen garrantzia azpimarratu du aurkezleak, «bere historia ezagutzen ez duen herria errepikatzera kondenatua dagoelako». Jarraian, Jokin Garmendia alkateak hartu du hitza eta uztailaren 18an altxamendu faxistaren urteurren eguna izanik, bezperan honen ondorioak jasan behar izan zituzten herritarrak oroitzeko eta omentzeko hautua hartu duela udalak adierazi du, erreparazioranzko bidean. Horrez gain, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei.
Alkatearen tartea amaituta Ekaitz Goikoetxearen txanda iritsi da. Honek lehenbizi bere arreba Irati Goikoetxearen poesia bat irakurri du, berak gaur ezin izan baitu bertan izan. Poema horretan Irati Goikoetxeak «plazak izen bat zor diola iraganari» dio, herri bati plaza batek eman dakioken guztia zerrendatu ondoren eta memoriarentzako leku apropos gisa kokatuz. Ekaitz Goikoetxeak bertsotan eman dio segida ekitaldiari, «iragana ahazten duen herriak etorkizunik ez daukala» eta hauek gogoratzearen garrantzia azpimarratuz.
Olargi herri ekimena izan denez bultzatzaile bere tartea izan dute hizketarako ere, Mari Jose Insausti izan dute bozeramaile. Herri ekimen honen aldarri nagusia errekonozimendua eta erreparazioa dira, 1936ko gerran zapalduak izan ziren horiekiko. Hasteko, eskerrak eman dizkie omenduen senitartekoei eta ekintza hau olaberritarrentzat «mugarritzat» daukala adierazi du taldearen izenean. Gertaerak gertutasunez kontatzearen garrantzia azpimarratu du eta transmisioa herritarren zein familiakoen artean hedatzea eta ezagutzea ezinbestekotzat jarri du, gure historia eraikitzen joateko.”Izan zirelako garela eta izango garelako” memoria landu behar dela adieraziz eman dio amaiera bere hitzaldiari, bakea aldarrikatuz. Intxorta eta Aranzadiko kideak ere bertaratu dira, memoria historikoaren gaia lantzen duten taldeak biak ala biak.
Jarraian, Jose Mari Bujanda eta Jose Angel eta Eki Munduate senitartekoak dei egin ditu aurkezleak, plakara hurbildu eta honi estalkia kentzeko. Plazaren izena duen plakaz gain, beste bat ere jarri dute leku berean. Ondorengo bertsoa idatzita ageri da bertan: «Fusilatuak biok Bujanda eta Lasa / Eta berpiztu nahi degu hemen zuen arnasa. / Ahanzturan nahi zintuzten ez gera hortik pasa. / Herrikok alkar hiltzen gizabide eskaxa». Azpian, «1936ko Gerran zapalduak eta baztertuak izan ziren Olaberritar guztien omenez» esapidea.

Jose Angel Munduatek, Martzelo Lasaren senideak, hartu du hitza eta familiaz aritu nahi izan du. Jose Mari Bujandaren amak lau haur txikirekin alargun geratuta jasan behar izan zuenaz hitz egin du eta plakaren zati bat merezi duela aipatu du. Lasatarren familian Familiaren historia azaltzearekin batera transmisio lanaren garrantziaz hitz egin du eta haiek nola jaso duten transmisio hori azaldu du, baita gaur egun nola jarraitzen duten belaunaldiz belaunaldi istorioak kontatzen bizirik iraun dezaten oroimenean. Gorroto eza gakotzat jartzen du transmisio horretan eta historia idazterako garaian.
Ekitaldiari amaiera emateko Amak Taldeak Bujanda eta Lasari eginiko “Egiaren arnasa” abestia eskaini du, Leire Bujandaren dantza lagun.

Udalak adierazi duenaren arabera, ekitaldiko argazkiekin liburuxka bat osatuko dute eta herritar guztiei helaraziko diete, herriaren historia eraikitzera bidean.













