Sagardo irabazlea, Arrumuino baserrikoa
Zubi-Buru elkarteak antolatutako Zaldibiako Sagardo Txapelketa Herrikoira 18 sagardogilek eraman dute etxeko uzta.
Arrumuinoko Josu Mendizabalek aurkeztutako sagardoak irabazi du Zaldibiako Sagardo Txapelketa Herrikoia. Bigarren Agerre baserriko Joxe Mari Aiestaran sailkatu da, eta hirugarren Ausoegi baserriko Jose Inazio Barandiaran. Denera 18 sagardogilek parte hartu dute Zubi-Buru elkarteak antolatutako txapelketara.
2016an antolatu zuen azkenekoz txapelketa hau Zubi-Buru elkarteak, eta aurtengo juntak berreskuratzea erabaki du. Afaltzera inguratzen diren herritarrak egiten dituzte epaile lanak. Sagardoa aurkezteko bi baldintza bete behar dira: 2021eko uztakoa izatea eta herrian bertan egindakoa. Txapelketa atzo gauean jokatu zen.













