326 kilometro gehiago Izan Bidea dinamikarako
Ataun, Beasain, Itsasondo, Lazkao, Ordizia eta Segura arteko desafioa jokatu dute goizean. Ekitaldi politikoa ere egin dute eta lanean jarraitzeko deia egin dute. Elkarrekin bazkalduko dute
Ataun, Beasain, Itsasondo, Lazkao, Ordizia eta Segura elkarren aurka aritu dira gaur goizean, Sarek Lazkaoko plazan antolatu duen herri arteko lehen erronkan. Trontzan, lokotx bilketan, soka tiran… jardun dute. Lazkaoko taldeak irabazi du. Gutxienekoa hori zen, helburua euskal presoak etxeratzeko aldarria hauspotzea baitzen.
Goierritarrek 326 kilometro gehitu dituzte Sareren Izan Bidea dinamikara.”Zorionak, Goierri. Gaur ere, bidea izan gara. Etxera bidea izan gara”, esanez hasi du ekitaldi politikoa Elena Calvillo mendi korrikalariak. Aitortu du azken hilabeteak “garrantzitsuak” izan direla, “guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker”, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak hustea lortu delako. “Aldaketa honek, lasaitasuna ekarri die urte luzez kilometro gehiegi egitera behartuak zeuden senideei eta lagunei”, azpimarratu du. “Gaur, irribarre egiten hasi gaitezke, aurrera egiten baikara”.
“Euskal herriratzea ordea ez da inolaz azken etapa, lehena baizik”, ohartarazi du Gari Bravo txirrindulari ohiak. “Oraindik euskal presoen gehiengoari ukatu egiten zaie espetxe politika arruntaren aplikazioa”, salatu du. Graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak… aldarrikatu ditu. “Ez dezagun normalizatu normala ez dela. Ez ditzagun besoak jaitsi urruntzea desagertzen ari delako. Jarrai dezagun elkarrekin etxera bidea eginez, etapaz etapa, salbuespen ororekin amaitu artean”.
Akordioak eta konponbide “justuak” eskatu dituzte. Eta Konfrontazioaren eta mendekuaren alde egiten dutenei lekurik ez dutela abisatu diete. Auzitegi Nazionaleko fiskaltza nabarmendu dute, “eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa baita, eta etengabe errekurritzen baititu espetxeetako tratamendu-batzordeen erabakiak, espetxeko hirugarren gradua eta baimenak onartu nahi direnean. Etengabeko konfrontazioaren alde egin dute. Bake justurantz eta, horren bidez, bizikidetzarantz igarotzeko aukera galarazteagatik”.
Urriaren 8an, Donostian
Urriaren 8an Donostian egingo den manifestaziora joateko deia eginda amaitu dute elkarretaratzea. “Donostia txiki geratu behar zaigu egun horretan”, bota dute erronka. Orduan gauzatuko dute duela bi urte hasitako dinamika: Euskal Herriari 3.127.326 kilometro egiteko eskatu zioten, herritar bakoitzeko kilometro bat, euakl presoak etxeratzeko auzian mugitzen ari den gizartea irudikatzeko.
Taldeko argazkia aterata, mahaiaren bueltan eseri dira. 170 bat lagunek elkarrekin bazkalduko dute, frontoian. Arratsaldean DJ Zepek eta DJ Menorek saio bana egingo dute.













