Argazki lehiaketa antolatu dute 2023ko herriko egutegirako
Datorren urteko hormako egutegia ilustratzeko, argazki lehiaketa antolatu dute aurten ere Olaberrian. Olaberritarrentzat izango da, eta bi mailatan bereiziko dute: 18 urtez behekoak, eta helduak. Argazkietarako gaia Olaberria da, eta han ateratakoak izan behar dute nahitaez; txuri-beltzean edo koloretan, egilearen aukera da.
Lehiaketarako argazkiak aurkezteko epea urriaren 5ean bukatuko da, Olaberriko Udaleko kultura sailera bidalita (kultura@olaberria.eus) edo gutunazal batean udaletxean bertan utzita, euskarri fisikoan nahiz digitalean. Argazkiekin batera, norbere datuekin beste idatzitxo bat bidali behar da, izen-abizenak, NA zenbakia, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa jarrita.
Bakoitzak lau gehienez
Partaide bakoitzak gehienez lau argazki aurkez ditzake. Lehenagotik inon argitaratu edo saritu gabeak izan behar dute. Formatuak horizontalean izan behar du, eta gutxienez 300 pixeleko bereizmena eduki.
Erretratu bakoitzari izenburua jarri behar zaio, eta deskribapen labur bat erantsi. Irudian pertsonak agertzen badira, irudiak erabiltzeko baimen bat ere aurkeztu beharko da, argazkian agertzen diren pertsonek sinatuta. Saritutako lanak udalaren jabetzarako geratuko dira, eta argitaratzeko eskubidea izango du.
Sail bakoitzeko hiru sari
Lehiaketako bi mailetako bakoitzean, hiruna sari emango dituzte. Santu Guztien Eguneko festan banatu ohi dira sariak. Lehenengo hiruna sailkatuek, herriko jan-edanekin osatutako opariak jasoko dituzte.












