Goierri Kopako azkena
Mikel Garmendiaren omenezko Idiazabalgo Axari Trail mendi lasterketa jokatuko da igandean. Goierri Kopa Traileko azkena izango da. 09:30ean irtengo dira 444 mendi lasterkariak
Aurten ere iritsi da eskualdeko zein kanpoko mendi korrikalari askok estimuan duten Axari Trail mendi lasterketa. Igandean jokatuko da. Idiazabalgo plazatik abiatuko dira parte hartzaileak, bakoitza bere ibilbidea egiteko. Denera 444 korrikalarik eman dute izena; Axari Trailean, ibilbide luzean, 188 izen-emate egon dira, eta Axari Txikian, aldiz, ibilbide motzean, 256, horietatik 22 korrikalari kadete mailakoak izanik.
Mikel Garmendiaren omenezko Memoriala da eta aurten 9. edizioa ospatuko dute, ohiko formatuan. 09:30ean hasita, ibilbide luzean izena eman dutenek 25,34 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 1543 metroko desnibel positiboarekin, eta ibilbide motzekoek, aldiz, 16,06 kilometro, 841 metroko desnibel positiboarekin. Gizonentzako zein emakumeentzako sariak banatuko dituzte. Bakoitzetik, lehenengoak 300 euro irabaziko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro. Lasterketa bukatzen duten parte hartzaileei, gainera, bertako produktuekin osatutako poltsa bana emango zaie.
Bi goierritar podiumean iaz
Iazko lasterketetan hainbat goierritarrek parte hartu zuten. Bik podiumera igotzea ere lortu zuten. Gizonetan, Axari Trail Txikian Hassan Ait Chaou villabonarra izan zen lehena, bigarren egin zuen Amets Aranberri zestoarrak, eta hirugarren Jon Urteaga idiazabaldarrak. Emakumeetan, Irati Larrañaga usurbildarrak irabazi zuen, bigarren izan zen Larraitz Etxebeste oiartzuarra, eta hirugarren Janire Agirre ataundarra. Axari Trailean, aldiz, ibilbide luzean, ez zen goierritarrik egon hiru lehenen artean. Lehen postuak Iñaki Olano altzotarrarentzat eta Oihana Kortazar mutrikuarrarentzat izan ziren, bigarrenak Imanol Goñi natxituarrarentzat eta Onditz Iturbe igortarrarentzat, eta hirugarrenak Irunberriko Xabier Zarranz eta Urrugneko Maud Combarieu-rentzat.
Ordiziakoa ez da egingo
Goierri Kopa Traileko azkeneko proba izango da Axari Trail. Azkenean zazpi lasterketak osatu dute 2022ko egitaraua: UZ Trail-ek, Arriarangoak, Leharreik, Segura-Zerainek, Txindokiko Kilometro Bertikalak, Zaldibiako mendi lasterketak eta, azkenik, Axari Trailek. Ordiziako mendi maratoia izan behar zen azkenekoa, urrian, baina bertan behera geratu da.
Antolakuntzak sare sozialetan jakinarazi du lasterketari «ikuspegi eta antolaketa berri bat» eman nahi diotela, eta horretarako Txindoki Atletismo taldearekin «elkarlan bat» hasi dutela. Idiazabalgoa azkenekoa denez, Goierri Kopa Traileko sari banaketa Idiazabalen bertan izango da. Sprintean Mikel Zabalegi eta Lara Estebanez doaz lehen postuetan, eta Trailean Sergio Serrano eta Oihana Zubillaga.













