Igartza-Oletako festak hasi dira
17:30ean, suziriak eztanda egin duenean, hasi dira festak. Izerditu ederra hartu dute auzotar gazteenek buruhandien aurrean
Igartza-Oletako festak hasi dira. Pintxopotearekin atzo beroketa lanak egin ostean, 17:30ean lehertu da suziria. Buruhandiak irten dira jarraian, eta auzoko haur denak aztoratu dituzte.
Biharko ekitaldiei dagokionean, hemezortzigarren mus txapelketa jokatuko da Kattalin erretegian, 16:30ean, 4 erregetara. Izen ematea txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da. Bikoteko 25 euro ordaindu behar dira. Bikote irabazleak txapela eta bildutako diruaren %60a jasoko du; bigarrenak bildutako diruaren %30a eta hiru-
garrenak, %10a. Igartzako lehendabiziko bikoteak bi txuleta eta bi ardo botila jasoko ditu.
Bestalde, patata tortilla lehiaketarako izena eman behar da 600 398 668 telefonora idatzita. Izena ematerakoan 10 euro ordaindu behar dira.
Azkenik, afari mozorrotutako gaia, zirkua da. Jateko, oilasko erdiak salduko dira patatekin, 8 euroan.
Herri kirolak
Igandean, goizean goiz, II. Arrantza lehiaketa jokatuko da. Izena Antzizar tabernan edo 660 028 557 telefonoan eman behar da.
Festei amaiera emateko, ohiko herri kirol jaialdia antolatu dute Igarloi elkartekoek. Ostolaza aita-alabak ariko dira harri jasotzen, eta Aitor Urteaga eta Iñaki Azurmendi aizkolariak aizkora lanean.













