Ilintxak taldekide historikoak omendu ditu
Irene Paredesi, Txolarteri, Manuel Sanchezi, Crisanto Sevillanori, Teodoro Toquerori eta Agustin Najerari urrezko intsignia eman diete, 75. urteurrena borobiltzeko. 300 lagundik gora elkartu dira bazkaltzeko
Ilintxa kirol elkarteak klubarekin era batera edo bestera lotura duten sei kideri urrezko intsignia eman die gaur arratsaldean, 75. urteurreneko ospakizunekin amaitzeko.
Irene Paredes Bartzelonako jokalaria izan da aurrenekoa. Denboraldi aurrean bete-betean sartuta dagoenez, ezin izan du bertan izan, baina bideokonferentziaz herritarrak agurtzeko keinua egin du. Paredes Ilintxan hasi zen futbolean, nahi baino beranduago, ordea. Izan ere, hasi zenean ez zegoen nesken talderik eta itxaron egin behar izan zuen. Urolan, Zarautzen, Realean, Athleticen, Parisen eta Bartzelonan jokatu du ondoren, bai eta Euskal eta Espainiako selekzioekin.
Atzegiren Legazpiko Txolarteari ere eman diote intsignia: adimen urritasuna duten pertsonek aisialdirako eta kirolerako duten eskubidea bermatzen dute aisialdi taldea da. Ilintxaren partidetan ohikoak dira, taldeari bultzada ematen.
Txolartekoak ez dira omendu dituzten zale bakarrak. Manuel Sanchez ere gogoan izan dute. Badajozen (Espainia) jaio zen, Ilintxaren fundazio urte berean. Hargatik, Ilintxako zaletu izatera kondenatuta zegoela dio, txantxetan. Klubeko kideek nabarmendu nahi izan dute, jatorria edozein dela ere, futbolak eta klubak ezberdinak batzeko ahalmena duela.
Crisanto Sevillano eta Todoro Toquero ere atzerrian jaio ziren, Salamancan eta Torquemadan (Espainia), hurrenez hurrren. Klubean urte luzez lanean aritzeko ez da traba izan: zuzendaritzako kide izan dira, tabernako arduradun, atezain…
Agustin Najera izan da azkeneko omendua. Maila guztietan izan da entrenatzaile.
Urteurrenari, amaiera
Ilintxak ezin izan zuen behar bezala ospatu 75. urteurrena pandemia dela eta. Egoera onera etortzean askotariko ekimenak egin dituzte urteurrena gogoratzeko: gaur, esaterako, 300 lagun inguru bazkaltzeko elkartu dira, azokan. Hildako klubeko jokalariak, zaletuak, zuzendariak… ere gogoan izan dituzte.
Ekitaldia borobiltzeko, Ane Belokik klubaren ereserkia abestu du. Hona hemen bideoan:













