Kultura-aretoa eraikitzeko obrak hasi eta aurreratu dira Olaberrian
Elizegiberriren orubean eraikinaren oinarri zuloa egin dute abuztuan. Arte handia lekuz aldatu dute. Udaletxeko ganbara beirazko zoruarekin itxi dute
Obra eta lan hilabetea izan da abuztua Olaberrian. Agintaldiko inbertsio handienetakoa den erabilera askotariko kultur eta aisialdi aretoa eraikitzeko lanak hasi ditu udalak, besteak beste. Elizegiberri edo Tabernatxiki gisara ezagutzen zen etxearen lekuan, hondeamakinak hasi dira eraikinaren oinarriak egiten.
Konplexutasun handiko proiektua da, batik bat geotermia baliatuko duelako eraikinak hozberoak kontrolatzeko. Zezilioenean ostatuaren klimatizaziorako ere erabiliko dute sistema bera. Horrez gain, ostatuaren atzealdean zegoen garajea ere lehengo astean eraitsi zuten.
Artea lekuz aldatuta
Elizegiberri etxearen alboan zegoen arte erraldoia izan da beste hizketagai bat. Plaza sarreran zegoen zuhaitz erraldoia moztu eta galarazi beharrean, tokiz aldatu dute.
San Joan elizaren aurrealdeko lorategian birlandatu dute artea, adarrak soildu eta bolumena gutxitzeko kimatu ondoren. Garai bateko elizako erloju zaharraren ondoan jarri dute.
Udaletxeko ganbara
Ez dira areto balioanitzarenak izan lan bakarrak. Abuztuan bukatu zuten udaletxeko ganbara hazteko eta zorua berritzeko obra ere. Teilatuko argi-begiaren argitasuna beheraino eramateko zegoen patio edo balkoi laukia estali dute, eta beirazko zoru lodi trasluzidoa ipini dute zuloa estaltzeko. 75.000 euro kostatu da lana, eta Antio eraikuntza enpresak egin du.












