Maria Jesus Alvarez, lehen emakumea ohorezko kofrade kideen zerrendan
Igartzako Dantzarien Kofradiak hamaseigarren kapitulua egingo du bihar. Historian aurrenekoz, emakume bat izendatuko dute ohorezko kofrade kide. 12:30ean egingo du dantza saioa Igartzan
Maria Jesus Alvarez Unanua Igartzako Dantzarien kofradiako ohorezko kide izendatuko dute bihar, Igartzako Dantzarien hamaseigarren egunean. Kategoria hori lortuko duen lehen emakumea izango da, orain arteko zazpi ohorezko kideak gizonezkoak baitira.
Alvarez Adiskideak eta Goierri dantza-taldeetan hasi zen. 1970eko hamarkadan, Raimon Gamaiorekin batera, Salleko Adiskideak-eko Nesken taldea martxan jarri zuen eta taldeko lehen irakaslea izan zen. Geroago, Aurtzaka dantza taldearen eratze prozesuan lagundu zuen. «Beasaingo emakumezko dantzari asko eta askoren erakusle izateaz gain, dantzari guztion eredu eta erreferentzia dugu», diote Aurtzaka dantza taldeko kideek. Eurak dira Igartzako Dantzarien eguneko antolatzaileetako batzuk, Igartzako Dantzariekin eta Beasaingo Udalarekin batera. «Txikitan hasi eta bizi guztian eutsi dio Mariajek bere dantzarako zaletasunari, eta horren froga azpimarragarria da oraindik ere erreferentzi garrantzitsua dela gure Kofradiarako, batez ere emakume dantzariok Beasainen daukagun garrantzitsuenetakoa», gaineratu dute.
Udaletxetik bandera jasoko dute 12:00etan eta segizioan Igartzaraino eramango dute. 12:30ean Ezpata-dantzaren saioa egingo dute bertan. Edukiera mugak ezabatu dituzten arren, aurten ere izango dira eserlekuak, ikusleen erosotasuna bermatzeko. Arratsaldean, erdiguneko kaleak alaituko dituzte, Izer eta Alabier trikitilarien laguntzarekin.












