32. Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketak baditu irabazlea
Lazkao Txiki 32.Bertsopaper lehiaketako sari banaketa izan dute gaurkoan Ordiziako Barrena kultur etxeko Bertsolari Eskola gelan. Ekaitz Goikoetxea beasaindarra izan da helduen kategoriako lehen bi sarien irabazlea.
32. Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketak gaur saritu ditu irabazleak. Adinaren araberako hiru kategoriatan banatu dituzte sariak eta kategoria bakoitzean goierritar bat izan da saria jasotzen. Saria jaso duten lehenak 13 urtez azpiko sailekoak izan dira. Hauek gai jakin bat izan dute kantuan jorratzeko: “zer moduz musukorik gabe?”; eta Zaldibiako Suhar Mantzizidor izan da saria lortu duen goierritarra, bigarren saria hain zuzen ere. Bigarren kategoria 14 eta 18 urte bitartekoena izan da eta bertan, gai libre izan dute. Kategoria honetako hirugarren postua lortu du June Aiestaran beasaindarrak, “Zutik jarri naiz” lanagatik.
Amaitzeko, azken kategorian hirutik bi sari geratu dira Goierrin, eta biak bertsolari berarentzat izan dira, Ekaitz Goikoetxea beasaindarrarentzat. Lehenengo eta bigarren sariak irabazi ditu Goikoetxeak “Malkoak opari” eta “ESKIZOfreeNIA” lanengatik, hurrenez hurren. Bertso-sorta hauetan beasaindarrak gizartean estalpean egoten diren gaiak mahaigaineratu ditu, hala nola, bakardadea adineko pertsonetan (batez ere covid-19aren testuinguruan), heriotza eta eskizofreniaren inguruko hainbat ikuspegi, bizipen pertsonalak tarteko, besteak beste. “Gorputzetik askatu ordez gorputzean askatzearen” garrantzia azpimarratu du “ESKIZOfreeNIA” lanean.
Irabazitako diru-sariak ez dira makalak izan: Txikienek 200, 100 et 50na euro jaso dituzte; gazteek 300, 200 eta 100na eta helduek 500, 400 eta 300na. Honekin batera “Txikia” oroigarria ere jaso dute, Lazkao Txikiren bizipenak kontatzen dituen “Irriz eta malkoz” liburuarekin batera. Sariak banatzen Ordiziako Udaleko alkatea, Adur Ezenarro Agirre, Argi Berri Elkarteko presidentea, Xabier Mujika Agirre eta Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki” zenaren iloba Martina eta Mari Jose izan dira. Sari banaketan liburuxkak banatu dituzte guztien bertso-sortekin eta denek elkarrekin abestu dituzte guztiak.
Sailkapena
13 urtez azpikoak:
- Unax Aizpurua Ibargarai (Sara)
- Suhar Mantzizidor Jauregi (Zaldibia)
- Mara Albistur Gurrutxaga (Errenteria)
14 eta 18 urte bitartekoak:
- Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoiti): “Ezer ez ta dena”
- Izar Zelarain Etxeberria (Amasa-Villabona): “Urte berriak zahar”
- June Aiestaran Iparragirre (Beasain): “Zutik jarri naiz”
18 urtetik gorakoak:
- Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain): “Malkoak opari”
- Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain): “ESKIZOfreeNIA”
- Iñigo Mantzizidor Larrañaga (Zarautz): “Eskukada bat bertso berri”














