Giro paregabearekin ospatu dituzte Agorreko Santikutzak legazpiarrek
Bi urteko etenaren ondoren, aspaldiko jairik luzeenak izan dira. Eguraldiak lagunduta, jende ugarik parte hartu du
Aspaldiko Agorreko Santikutz jairik luzeenak ospatu dituzte legazpiarrek asteburuan, eguraldi paregabeaz eta giro ederraz lagunduta. Ekitaldiz beteriko egunak izan dira, eta jendearen partaidetza handia izan da. Ilintxak ostiralean ospatu zuen 75. urteurreneko bazkariak ere jarri zuen bere alea jaietan, bereziki Puro Relajo musika taldeak iluntzean eskainitako emanaldi jendetsuarekin.
Euskal Herria plaza, Azoka, Kale Nagusia, Nafarroa kalea eta txosna izan dira jai gune nagusiak, eta bertan gauzatu dira egitarauko ekitaldi gehienak. Aipagarriak izan dira osteguneko kantu-afaria, ostiraleko Alaitasuna errondailaren kalejira, larunbateko gastronomia lehiaketa eta erraldoien alardea, eta igandeko bola txapelketa eta bandaren kontzertua.

Oier Gabiria eta Eneko Agirreurreta, gastronomia lehiaketako irabazleak
Gastronomia eta bola txapelketak
Aurtengo gastronomia lehiaketan legatza saltsa berdean prestatu behar zuten partaideek. Azokan egin zen, eta 11 bikotek parte hartu zuten. Garaileak Oier Gabiria eta Eneko Agirreurreta izan ziren.
Bola txapelketa igandean jokatu zen udal bolatokian, Danantzako elkarteak bultzatuta. Gipuzkoa mailako txapelketa zen, eta 30 bolarik parte hartu zuten, gizon zein emakume. Irabazlea Segurako Egoitz Berasategi izan zen 37 birlekin, bigarrena Gabiriako Felix Maiz 35 birlekin, hirugarrena Gabiriak Jose Ramon Aramendi 35 birlekin ere, eta laugarrena Iñaki Maiz, gabiriarra hori ere, 34 birlekin.

Bola txapelketako irabazleak
Hemen jaietako laburpena, irudietan (Argazkiak: Tere Madinabeitia, Aitor Madina, Juan Pedro Agirre eta Ana Ruiz)













