Erronkei aurre egiteko «ilusioz» dator Ordizianeko zuzendaritza
Osasun larrialdiak, Ukrainako gatazkak eta inflazioak markatutako testuinguruan sentsibilizazioa izango da ardatzetako bat. Sektoreari bultzada ematea dute helburu.
Aro berri bati hasiera eman diote Ordizian merkataritza eta ostalaritza elkartean; zuzendaritza talde berria izendatu dute. «Aurreko lan-taldeek egindako lanari jarraipena emango diogu, ilusio handiarekin», adierazi dute kargudun berriek. Palomo Modak izango du lehendakaritza, Gofi Berri haurren modak lehendakariordetza, Maos ile-apaindegiak idazkaritza, Crehuet estankoak diruzaintza, eta Zeberio harategia, Biñaspre lurrindegia, Kixmi moda eta osagarriak, eta Ganbara altzariak izango dira batzordekideak.
Lehendakaria berriak adierazi duenez, «garai nahasiak bizitzen ari gara; osasun larrialdia, Ukrainako gatazka, inflazioa,… eragin handia izaten ari dira gure saltoki eta ostalaritza establezimenduetan, horregatik, sektoreari bultzada bat emateko lan egiteko motibazioarekin gaude». Lan talde berria eratu berri da, baina lur hartzearekin batera Ordiziako merkataritzak eta ostalaritzak dituen erronkei aurre egiteko lanean jarriak dira dagoeneko.
Horren haritik, ostiralean eta larunbatean Stock eta Kale Azoka egingo dute, urteko azken hiruhilekoan salmenten pizgarri izateko helburuarekin martxan jarriko diren erosketa bonuen kanpainak, edo Ordizian txartelaren erabiltzaileentzat abantailak izango dira, besteak beste.
Nabarmendu dute, «gaur egungo testuinguruan, tokiko establezimenduetan kontsumitzeak duen garrantziaz sentsibilizazio kanpainak abiatuko» dituztela. Bide horretan, Goieki Goierriko Garapen Agentziak bultzatutako eskualde mailako mahaian parte hartzen ari da Ordizian elkartea, Ordiziako Udalarekin batera, «proiektu berriak sortzeko helburuarekin».
Era berean, sektorearentzat lagungarri izan daitezkeen ideia eta proposamenak jasotzeko irekiak daude.
Ticket Bai urriaren 1etik
Bestalde, urriaren 1etik aurrera, Ticket Bai sistema jarriko da martxan, ez ika-mika gutxirekin. Ordizian elkartea sistema berri honen inguruko aholkularitza eta laguntza ematen ari da elkartekideei.
Horretan eta beste gai askotan emandako laguntzagatik, «eskerrak eman Aitor Velazquez eta Josune Insausti teknikariei».













