Legazpiko Udalak diru laguntzak emango dizkie herriko dendei eta enpresa txikiei eta ertainei
Lehiakortasuna bultzatzeko, denda berria sortzeko edo belaunaldi aldaketarako eta lokalean inbertsioak egiteko laguntzak izango dira. Azaroaren 15era arteko epea dute eskaerak egiteko.
Erik Galvez merkataritza alorreko zinegotziak aurkeztu ditu diru laguntzak Herriko dendei eta enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta, diru laguntza partida bat kaleratu du Legazpiko Udalak, eta azaroaren 15era arte irekita dago eskaerak egiteko epea. Aurten 24.000 euro bideratu ditu horretarako.
Laugarren urtez jarraian atera du udalak laguntza programa hau, enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritza biziberritzeko helburuarekin.
Hiru laguntza mota
Hiru ataletan banatuta emango ditu udalak diru laguntzak. Hala, lehiakortasuna hobetzeko egiten diren azterlan edo proiektuen kasuan, gastuaren % 90eraino izan daiteke laguntza, baina 1.500 euroko mugarekin.
Denda berria irekitzean edo belaunaldien arteko txandaketa egitean landutako bideragarritasun planaren kostuaren % 90erainoko laguntzak ere emango ditu, kasu honetan ere 1.500 euroko mugarekin.
Eta amaitzeko, inbertsioei dagokienez, % 30erainoko laguntzak izango dira, eta gehienez ere establezimenduko eta urteko 1.200 euroko mugarekin.
Enpresa batek diru laguntza mota bat eska dezake bakarrik, eta lagunduko diren gastuak aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean egindakoak izango dira. Eskatzaileek lantokiren bat izan behar dute Legazpin, merkataritza-negozio bideragarriaren proiektua eginda izan behar dute eta azken 6 hilabeteetan, plantillan, 50 langile edo gutxiago .
Laguntza programa 2019tik
Udalak 2019an jarri zuen martxan laguntza programa hau 16.750 euroko partidarekin. 2020an, 68.237 euroko ezohiko partida jarri zuen, eta osasun krisiaren eskakizunetara egokitzeko inbertsioak soilik lagundu zituen. Iaz, 30.000 euroko aurrekontua izan zuen programak, eta aurten, 24.000 eurokoa.













