Organikoa bertan tratatzeko lehenbiziko baliabideak jarri dituzte
Zaldibiako kalean udalak jarriko dituen hamar konposgune komunitarioetatik aurreneko biak kokatu ditu, Mendi-Ondo eta Gaztinadi auzuneetan
Hondakin bilketan eta tratamenduan aldaketa bat aplikatuko du Zaldibiako Udalak. Orain arte indarrean dagoen atez atekoarekin batera, etxeetako gai organikoa botatzeko eta bertan tratatzeko konposgune komunitarioak jarriko ditu. Hamar jartzea da asmoa, auzo desberdinetan, eta lehenengo biak jada erabilgarri daude: Mendi-Ondon eta Gaztinadin.
Zurezko kaxa handi batzuk dira, metalezko tapa bat dutenak. Giltzatuta egongo dira, eta herritarrei emango dieten giltza elektroniko batekin ireki ahalko da. Herritarrei aldatuko zaien bakarra zera da: etxetik kuboan organikoa jaitsi eta kakoan utzi beharrean, kaxa horietako bat zabaldu konpostaren ontze fasearen arabera, aldiko bat egongo da zabalik, eta bertan hustea izango da.
Udalak ostiralean aurkeztu zuen bilgune-trataleku berria, eta herritarrek dagoeneko eska dezakete giltza. Izena eman behar, udaletxean. Bi auzune horietako bizilagunek dute lehentasuna, baina beste guztiek ere eska dezakete. Santa Fe jaien ondoren hasiko dira gainerako etxe-multzo eta auzuneetako herritarrekin elkartzen, proposamena esplikatzeko.
«Gutxika, organikoa herrian bertan konpostatzeko ariketan sakontzen goaz. Gaur egun organikoa astean bi aldiz biltzen da, kubo bidez. Lortuko bagenu organikoa herrian bertan prozesatzea eta konpostatzea, horrekin bilketan eta materialaren prozesaketan aurrezpena edukiko genuke», azaldu du arloko zinegotzi Mikel Luloagak.
Aurrezpenaz gain, «jendearentzat eguneroko bizitzan eragiten dioten hobekuntza batzuk» badauzkala konposguneak argitu du Luloagak: Kuboak egun eta ordutegi jakinak ditu, eta neurria ere kuboak ematen du. Kasu honetan, herritarrek aukera izango dute urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan organikoa ateratzeko.
Udalak kudeatuko ditu konposguneak, eta udal langileak arduratuko dira organikoa iraultzeaz, nahasteaz eta ontze prozesua kontrolatzeaz. Bizilagunek, hondakinak botatzeaz gain, alboko kaxatxo txikiago batean egongo den materia lehorra gainera bota beharko dute.













