Ampo Ordiziak puntu bakarragatik ez du garaitu Bartzelona ligako irekieran
Altamira zelaira gerturatu diren zaletuek emozio handiko partida ikusi ahal izan dute, markagailua dantzan ibili baita. Datorren asteburuan atsedena egingo du Ampo Ordiziak
Bartzelonaren aurka jokatu zuen igandean, Ampo Ordiziak, errugbi Ohorezko mailako 2022-2023 denboraldiko lehen partida. Emozio handiko partida izan zen, markagailua dantzan ibili zen, baina gutxigatik bada ere, ezin izan zieten Altamira zelaian bildu ziren zaletuei lehen garaipena eskaini. 31-30 izan zen partidako azken emaitza.
Partida hasi eta gutxira, Ampo Ordizia izan zen markagailuan aurrea hartzen lehena. Baina, alaitasunak gutxi iraun zuen, hiru minutu beranduago Bartzelonak entsegu bat sartu baitzuen. 10. minutuan, Ordiziak denboraldiko lehenengo entsegua lortu zuen. Alboko saketik egindako maul baten bitartez iritsi zen; Oier Goiak gauzatu zuen. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, Bartzelonak bi entsegu gehiago sartu zituen, aldageletara markagailuan 4 puntuko aldearekin joan ziren (13-17).
Bigarren zatian Federicoren mutilak kataluniarrak baina hobeto zelairatu ziren. 45. minutuan Antxon Iriondok entsegua egin zuen. 15 minutu beranduago, eta ordiziarrek partida kontrolpean zutela zirudienean etorri zen Bartzelonaren kolpea, hala, 60. minutuan berriro aurrea hartu zuten markagailuan entsegu bati esker. Ondorengo minutuetan bi taldeek beste entsegu bana sartu zuten, eta amaieran Ampo Ordiziak aldeak murriztea lortu zuen Valentin Cruzek gauzatutako zigor kolpearekin, baina,ez zuten lortu puntu gehiago egitea.
Beste partida batzuk
Asteburuko gainontzeko emaitzei dagokionez, 23 urtez azpiko taldeak ere ezin izan zuen garaipenik eskuratu larunbatean. Iñigo Navarroren eta Fisaren mutilek lehenengo zati bikain bat egin zuten. Atsedenera markagailuan aurretik iritsi ziren.
Baina, bigarren zatian Valladolideko taldeak beste erritmo bat jarri zion partidari, eta, azkenean, 41-20 irauli zen partida, gaztelarren alde.
Azkenik, nesken taldeari dagozkionak, hauek ere, asteburu honetan hasi behar zuten denboraldia, baina partida bertan behera utzi behar izan zen.













